Elkarretaratzeak, manifestazioa eta hamaika ekintza antolatu dituzte Elgoibarren eta Mendaron Martxoaren 8aren harira

Barren.eus 2023ko mar. 3a, 16:59

Soldata arrakala dela, botere eta erabaki eremuetara iristeko zailtasunak direla, indarkeria matxista dela, zaintza eta etxeko lanen banaketa desorekatua dela... egiturazko desberdintasuna pairatzen jarraitzen dute emakumeek eta horren kontra egiteko eguna da Martxoaren 8a, aldarrikapenerako eguna.

Horretarako elkarretaratzeak antolatu dituzte Elgoibarren, eta manifestaziora deitu du Mendaron, Tratu Onen Aldeko Taldeak. Elgoibarren, 13:00etan eta 19:00etan egingo dituzte elkarretaratzeak, Kalegoen plazan, eta 19:00etan abiatuko dute manifestazioa Mendaron Herriko Enparantzatik. Tratu Onen Aldeko Taldetik manifestaziorako leloak proposatzeko ere eskatu diete herritarrei eta helbide bat eman dute mezuak jasotzeko: mendarokotratuon@gmail.com. Bukaeran dantza taldekoek prestatutako koreografi a dantzatuko dute. Baina, Martxoaren 8a gai hartuta, hainbat ekintza antolatu dituzte bi herrietako udalek eta hainbat eragilek. Hona hemen, denak bilduta:

 

Elgoibar

  • Martxoak 3a: Lumineszenteak erakusketa zabalduko dute Elgoibarko Kultur Etxeko erakusketa gelan. Igone Mariezkurrena Fernandez kazetariaren eta Irantzu Pastor Ordoki argazkilariaren proiektua da Lumineszenteak. Diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeen bizitza-historiak eta irudiak biltzen ditu. 2018tik 2021era, Palestinan, Indian, Lakota nazioan eta Euskal Herrian dokumentatutako narrazioak eta material grafi koa batu dituzte. Hilaren 19ra arte egongo da ikusgai, 18:30etik 20:30era.
  • Martxoaren 4a: Autodefentsa saioa emakumeentzat, Olaizaga kiroldegian, 9:30etik 12:30era bitartean. 13:00etatik aurrera, berriz, Uluka Batuka taldekoak kalez kale ibiliko dira, beste herri batzuetako batukada taldeekin batera. 14:30ean, berriz, Sigman elkartuko dira emakume guztiak elkarrekin bazkaltzeko. Dantzaldia ere izango dute ondoren.
  • Martxoaren 7a: 'Nire izena, zure izena. Nire ahotsa, zure ahotsa' izeneko ipuin kontaketa saioa, Gotzon Garate udal liburutegian. Mireia Delgado pedagogo eta ipuin kontalariak gidatuko du eta bi saio izango dira: 17:00etan, LH1eko ikasleentzako, eta 17:30ean, LH2 eta LH3koentzat.
  • Martxoaren 8a: Elkarretaratzeak egingo dira Kalegoen plazan, 13:00etan eta 19:00etan. Egun berean, El techo amarillo fi lma emango dute Herriko Antzokian, 21:00etan hasita. Isabel Coixetek zuzendutako fi lma da eta 2018an emakume talde batek sexu-abusuak egiteagatik Lleidako Antzerki Gelako bi irakasleren kontra jarritako salaketa du abiapuntu.
  • Martxoaren 10a: Narrutsik talde feministak antolatuta, Virginie Despentesen King Kong teoria liburuaren inguruko tertulia eta pikoteoa, 19:00etan, Kultur Etxeko Sotoan. Gizonkeriaren kontrako saiakera izateaz gainera, feminismo kontserbadorearen oinarriak durduzarazi dituen liburua izan da King Kong teoria eta Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli zuen euskarara eta Eskafandra bilduma feministak argitaratu. Egun berean, 22:00etan, Naniren kontzertua, Sotoan.
  • Martxoaren 9tik 13ra: Emakumeak gora kanpaina, Kalegoen plazan. Emakumeen Nazioarteko Egunaren aurtengo kanpainaren leloa da Emakumeak gora!. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatu du, Emakunderen eskutik eta hiru foru-aldundien, EUDELen eta Donostia, Bilbo eta Gasteizko udalen elkarlanaren bitartez. Kanpaina honen bidez, emakumeei lidergo-postuetara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak aurkezten dituzte, bai eta mito faltsuak eraitsi ere. Horretarako eskailera batzuk jarriko dituzte plazan, bai eta kartelak ere QR kodeekin. Informazio gehiagorako: www.emakumeakgora.eus. Martxoaren 17a: Zine-foruma, Lilan, 18:30ean. El orden divino fi lma aztertuko dute. Petra Biondina Volpe zuzendariaren fi lma da, 70eko hamarkadan girotutako fi lma, Suitzan emakumeek boto eskubiderik ez zuten garaikoa.
  • Martxoaren 19a: Nire aitak ere bere denbora eskaintzen dit marrazki lehiaketa.
  • Martxoaren 22a: Close fi lma emango dute Herriko Antzokian, 21:00etan. Lukas Dhontek zuzendutako drama da. Leo eta Remi, 13 urtekoak biak, gertuko lagunak dira eta umetatik ezagutzen dute elkar. Bere istorioek bira bat ematen dute pentsaezina den gertaera batek banatzen dituen arte. Leo, orduan, Sophie Remiren amarengana hurbiltzen da, ulertzen saiatzeko.
  • Martxoaren 27a: Emakumeen hausnarketarako saioa: Lan arriskuak genero-ikuspegitik begiratuta. 18:00etatik 20:00etara, Lilan. Egun berean, ludotekan postontzi morea jarriko dute eta muralak egingo dituzte, eta Gaztelekuan pankartak egin eta Emariak mahai jolasera jolastuko dira.

 

Mendaro

Martxoaren 8aren harira hainbat ekintza antolatu dituzte Mendaron, Udalak eta Arno Guraso Elkarteak batetik, eta Tratu Onen Aldeko Taldeak bestetik. Hona bien batura:

  • Martxoaren 5a: Elbira izeneko dokumentala proiektatuko dute domekan, hilaren 5ean, San Agustin kulturgunean, 18:00etan. Elbira Zipitria Irastortza hezitzaile eta euskaltzalea (Zumaia, 1906-Donostia, 1982) hil zen egun berean estreinatu zuten iaz dokumentala. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta Baleuko ekoiztetxeak sortu dute, eta hainbat adituren eta haren gertukoen eskutik Zipitriak egindako ekarpenean sakontzen dute dokumentalean.
  • Martxoaren 8a: Tratu Onen Aldeko Taldeak deituta, manifestazioa egingo da 19:00etan, eta bukaeran dantza taldekoek gidatuta koreografia.
  • Martxoaren 11: Berdintasun Scape Rooma antolatu dute Gaztelekuan. 17:30ean hasiko da. 18:00etan 'En los margenes' fima aztertuko dute zineforumean, Edurne Izagirrek gidatuta. Mendaroko Jubilatuen Lokalean izango da.
  • Martxoaren 12a: The Snow Queen filma emango dute San Agustin aretoan, euskaraz, haurrentzat.
  • Martxoaren 16a: Mendaroko emakume sahararraren ekimenez, emakumeen topaketa egingo dute Jubilatuen lokalean, 18:00etan. Emakume askotarikoak batu, eta espazio seguru batean, beren bizipenez arituko dira hizketan, kafe tertulia formatoko saioan. Emakume sahararrek tea prestatuko dute saiorako.
  • Martxoaren 23a: Bea Egizabalek Magma mia bakarrizketa aurkeztuko du San Agustinen, 18:00etan. 18 urtez gorakoentzako bakarrizketa feminista da, militantziatik asko duena, baina umoretik gehiago. "Haserre nago, sutan nago, irakiten nago... presio gehiegi eta zulo guztiak itxita mantentzeko hezi naute. Sumendia lehertzear dago Magma mia!", dio aurkezpen-kartak.

 

∞Lotura duten albsteak:

 

2022 03 08 martxoak 8 elgoibar elkarretaratzea errosario BARREN