Bake epailea eta ordezkoa hautatzeko deialdia martxan

Barren.eus 2023ko ots. 27a, 10:19

Bake epaile titularra eta ordezkoa hautatu behar izaten dira lau urtean behin, eta Elgoibarko Udalak martxan jarri du hautaketa prozesua.

Izendapen honetan interesa duten pertsonek Elgoibarko Herritarren Arretarako Bulegoan (HAZ-SAC) aurkeztu beharko dute dagokion eskabidea, idatziz, martxoaren 7a baino lehen (egun hori barne). Interesdunek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, non adieraziko duten deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eta legeak xedatutako ezgaitasun eta bateraezintasunik ez dutela. Halaber, interesdunek hautaketa prozesuari begira egoki iritzitako merituak aurkeztu beharko dituzte, eta baita curriculum vitaea ere. Baloratu ahal izango diren merituak dira bizilekua, curriculuma eta euskararen ezagutza". Aurkeztu beharreko agiri guztien berri iragarki-taulan dago eskuragarri, www.elgoibar.eus udal webgunean.

Bake epaile izateko, Botere Judizialaren Lege Organikoaren arabera, ez da beharrezkoa Zuzenbidean lizentziaduna izatea, baina bai baldintza batzuk betetzea. Hona Bake Epaile izateko betebeharrak:

  • Espainiar herritartasuna izatea eta adinez nagusia izatea.
  • Eginkizun judizialerako ezgaitua ez izatea, ez fisikoki ez psikikoki.
  • Eskubide zibil guztien jabe izatea.
  • Maltzurkeriazko delituengatik kondenatua ez egotea, birgaitasuna lortzen ez den bitartean.
  • Maltzurkeriazko delituengatik, auzipetu edo errudun ez izatea, askapena edo largespena lortzen ez den bitartean.

Interesdunek Herritarren Arretarako Bulegora jo dezakete edozein zalantza argitzera, eta 943 741 050 telefono zenbakira deitu edo arreta@elgoibar.eus helbide elektronikora ere idatzi dezakete argibide eske.

Ikus hemen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoa.