Nuala elkarteari buruzko abestia eta bideoklipa kaleratu ditu Bizipoza elkarteak

Barren.eus 2023ko ots. 14a, 13:13

Bizipoza elkarteak 'Mundu Berri Bat Guztiontzat 3' izeneko diskoa kaleratu berri du. Elkartea osatzen duten 11 elkarteren kantu eta bideoklipak jasotzen ditu, tartean Nuala elkartearena (Laku bat), euskal sortzaileek eta elkarteek elkarlanean sortutakoak. Azkoitiko Bulego musika taldeko Tomas Lizarazu abeslariak jarri dio ahotsa Nualako kideak protagonista diren bideoklipari.

Une honetan 36 elkartek osatzen duten Bizipoza elkartea, eta guztiak dira izaera bereziko gaiak lantzen dituzten elkarteak, hainbat eskubide bete gabe eta behar bereziak dituzten haur eta familiek osatutakoak.

Bizipozaren helburua hirukoitza da:

  1. Izaera bereziko gaiak azalaraztea, ume zein heldu euskararen bidez sentsibilizatuz.
  2. Errealitate horiek lantzen dituzten elkarteei laguntza afektiboa ez ezik, eguneroko lanerako dituzten premiei erantzuteko baliabide funtzionalak lortzeko laguntza eskaintzea.
  3. Gizartegintzan euskaraz eta bizipozez jardun nahi duten herritarrei auzolan egitasmo eraginkorra eskaintzea, boluntario sare bat osatuz.

 • Mundu Berri Bat Guztiontzat 3 diskoa
Bizipoza elkartearen azken proiektua 'Mundu Berri Bat Guztiontzat 3' diskoa argitaratzea izan da. Elkartea osatzen duten 11 elkarteren kantu eta bideoklipak jasotzen ditu, euskal sortzaileek eta elkarteek elkarlanean sortutakoak. Euskal Herriko hamahiru idazle eta bertsolarik eta 22 abeslarik hartu dute parte. Guztien artean 12 abestiz eta 12 bideoklipez osatutako CDa eta DVDa ondu dituzte. Bizipoza Auzolan hamabigarren abestiak, sortzaileak eta elkarteak batzen ditu.
Honetaz gain, liburuxka formatuan eta elkarteen ilustrazio banarekin, bakoitzaren deskribapena, ipuintxoa eta abestiaren hitzak topa daitezke, baita sortzaileen eta elkarteetako kideen talde argazkiak ere.
11 elkartek egunerokoan lantzen dituzten gaiak eta haien errealitateari buruzko abestiak eta bideoklipak dira, elkarte bakoitzaren mezua musika, hitza eta irudiaren bidez gizarteratzeko helburu dutenak.

Elgoibarko Nuala elkartearen kasuan, Bulego musika taldeko abeslari Tomas Lizarazu azkoitiarrak jarri dio ahotsa Nuala elkartearen 'Laku bat' izeneko bideoklipari. Xabier Zabalak konposatu du abestiaren musika eta Oihana Aranarenak dira letrak. Zeinu-hizkuntzako zatia ere gaineratu diote bideoklipari. (ikus hemen kantuaren liburuxka eta letra)

 Nuala irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta aniztasun funtzionala edo gaitasunen aniztasuna duten pertsonak eta lagunak biltzen ditu elkartearen aterkipean. Nualaren helburua da pertsona horien guztien ikuspena nahiz ongizatea bermatzea eta inklusioa gizartean aktiboki promozionatzea.

Hona hemen, Nuala elkarteari buruzko informazio osoagoa

Bizipozako elkarte bakoitzak euskal sortzaileekin elkarlanean sortutako kantu eta bideoklip guztiak ikusi eta entzun daitezke hemen: bizipoza.eus

2023 02 14 Mundu Berri Bat Guztiontzat 3 bizipoza