24/7 plataformak batzarra egin du orain artekoa errepasatu eta aurrera begirakoak zehazteko

Barren.eus 2023ko ots. 2a, 15:18

Anbulatorioa asteko zazpi egunetan eta 24 orduz zabaltzeko borrokan dihardu 24/7 plataformak eta martitzenean egin zuen urteko lehen batzarra, Elgoibarko Herriko Antzokian.

Orain arte egindakoaren errepasoa egin zuten eta hemendik aurrera egin asmo dituztenak ere aipatu zituzten. Besteak beste, alderdi politikoekin berba egitea aipatu zuten. "Kritikak izan ziren nagusi batzarrean, jendea haserre baitago erakunde publikoekin, Elgoibarko herritar gehienen eskaerei erantzun gabe jarraitzen dutela-eta", azaldu dute plataformatik. Parte hartze handiko batzarra izan zela zehaztu dute eta lagun ugarik hartu zutela hitza euren iritzia emateko. Plataformak azken hilabeteetan egin dituen ekitaldi esanguratsuenak eta urteko mugarri nagusiak ere errepasatu zituzten. "Nabarmentzekoak dira anbulatorioaren aurrean hilero egindako kontzentrazioak eta joan den abenduan egin genuen manifestazioa, sinadura bilketa kanpaina, eta hor batutako 5.501 sinadurak Eusko Legebiltzarrean entregatu izana, eta, ondoren, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agerraldia egin izana, han ordezkari direnei gure udalerriko anbulatorioan bizi den egoeraren berri aurrez aurre emateko".

Datozen hilabeteetarako lan-ildoa ere adostu zuten batzarrean. Hilero anbulatorio aurrean egiten diztuzten elkarretaratzeekin jarraitzea erabaki zuten. Hileko azken asteazkenetan elkartuko dira, 12:00etan. Era berean, 24/7 Plataformak Udalean ordezkaritza duten alderdieikin batzartzea erabaki du, eta bilerak eskatuko dizkiete horretarako: "Ane Beitiari alkate gisa, Maialen Gurrutxagari zinegotzi eta Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeko ordezkariari gisa, EAJren aldetik; eta,EH Bilduko  Aitziber Aranberriri, Elkarrekin Podemoseko Evaristo Rodriguezi eta PSE-EEko Ariana Nogalesi".

Elgoibarko anbulatorioan larrialdi zerbitzua eta 24 orduko etengabeko arreta berreskuratzeko; eta, osasun zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa edukitzeko borrokan jarraituko dutela adierazi dute.

2023 02 02 batzarra 24 7 plataforma elgoibar herrikoantz 2

2023 02 02 batzarra 24 7 plataforma elgoibar herrikoantz eserl

∞Lotura duten albisteak: