Babeslekua, negu gorrian

Barren.eus 2023ko urt. 20a, 12:43

Negu bete-betean ere, kale gorria dute bizitoki zenbait lagunek. Hala ere, ikusezin dira oraindik ere askorentzat. Haien gaineko aurreiritzi, estigma eta topikoak, ordea, oso zabalduta daude eta horien kontra ere egin nahi dute gure gaurko bi protagonistek.

Etxe bakoei neguan aterpea emateko iaz Debabarreneko udalek martxan jarri zuten neguko aterpetxe zerbitzuan lan egiten dute, Eibarren, Karmeldarren elizaren lokaletan. Arrats elkarteak kudeatzen du gaur aterpetxea, gizarte bazterketa egoeran daudenei laguntzeko 1999an sortu zuten irabazi asmorik gabeko elkarteak.

Bost minutu eskas falta dira 10:00etarako eta 6 graduko tenperatura egiten duela dio autoko termometroak. Neguko aterpetxean gaua igaro duten azken bi lagunak badatoz kanpora, bizkar-zorro bana hartuta. Gaur, zorionez, hamar orduren buruan itzuli ahal izango dira eta afari beroa gertu izango dute mahaian; zorionez, gauerako ere bost gradu azpiko hotza iragarria dagoelako eta halakoetan, alerta egunak iraun bitartean, nahi beste gau egin ditzaketelako hemen, beti ere lekua egonez gero. Baina, bestela, hilabetean bost egunerako aterpea izango dute gehienez Eibarko aterpetxe honetan. Azken bi lagunak agurtu arren, lanak ez du etenik barruan. Nagore Cidekin, aterpetxeko arduradunarekin, dugu lotua hitzordua, baina Amaia Chinchilla eta biak daude harrera egiteko. Sartzeaz batera, kafe beroa eskaini digu Nagorek. "Hona datorrena ahal den gozoen hartzea da gure lana", zehaztu du Cidek. Bulegora eraman gaitu eta sukaldera itzuli da Amaia. Gaur ere, hogeita lau bat lagun izango ditu mahai bueltan afaltzeko eta su ondoan ditu bi eltze handi, prest.

neguko aterpetxea eibar debabarrena amaia chinchilla sukaldean BARREN

Karmeldarren egoitza izandakoa da gaur aterpetxe, bi solairuko eraikina. Sukaldea eta egongela, garbitegia, bulegoa, takilak, hezitzaileen logela eta beste bi logela daude, literadunak. Eskailera kiribil batean gora eginda daude gainerako logela guztiak, denak bina ohekoak eta komundunak. Erropero gisa erabiltzen duten gela ere badute, eibartarrek emandako neguko arropa eta oinetakoz betea. Korridore luzeko aterpetxea da, atsegina, era honetako aterpetxeez dugun iruditerirako. Hutsa dago jendez, dena dute jasota, baina ahalegin handirik egin gabe imajina dezakegu beteta ere. "Sukaldean sortzen da etxe giro hori bereziki, mahaira batutakoan; sukaldea bertan izateak eta sukaldarien lanak ematen diote honi etxe batek izan dezakeen goxotasun hori", aipatu du Nagorek. Mahai luze bat erdian, eserlekuak, mahai-jokoak apalategian, telebista eta terrazarako atea ikusi ditugu jangelan. "Terrazara irteten dira erre nahi dutenak". Altzariak-eta berritu dituzte, baina espazioaren banaketan alde gutxi igarriko du Karmeldarren egoitza ezagutu zuenak. Doan laga zuten espazioa karmeldarrek, gizarte bazterketa egoeran daudenek neguko hilabeteetan babesleku bat izan zezaten gauean, udalek finantzatu zuten egokitzapena eta Arrats elkarteko hezitzaile eta sukalariek gehitu diote gainerakoa: gizatasuna.

Irakurri osorik erreportajea eta aterpetxeko arduradun Nagore Cid Alzibarri eta Amaia Chinchilla sukaldariari eginiko elkarrizketak BARREN aldizkariaren 1272. zenbakian -PDF-

Hona Eibarko ...eta kitto... toki komunikabidekoek Nagore Cidi eginiko bideo-elkarrizketa

∞Lotura duten albisteak: