Karakaten ipini nahi duten aerosorgailu baten neurri bereko pankarta ipini du Karakate Bizirik Plataformak Mintxetan

Barren.eus 2023ko urt. 7a, 23:04

Mintxeta baserriko zelaian bistaratu dutena Elgoibarren inoiz egin den pankatarik handiena dela jakinarazi du Elgoibarko Karakate Bizirik Plataformak.

Handia denik ezin ukatu, dronearekin airetik hartu duten irudian ikus daitekeen moduan (ikus hemen drone irudiak), Mintxeta kirolgunea bera baino luzeagoa baita pankarta. Eta ez dute edonondik ondo ikusteko modukoa izateko bakarrik hautatu tamaina hori, Karakate gainean jarri asmo dituzten dorre eolikoeen neurri berekoa baita pankarta: 180 metro luze zutoinak, eta 70 metro hegalek.

'Mendietan ez! Karakate bizirik' mezua darama idatzia, hiru zatitan, eolikoa irudikatzen duen pankartak, horixe baita euren aldarrikapena, energia eolikoaren alde daudela diote baina ez dituzte dorre eolikoak mendietan nahi, Elgoibarko kasuan Karakate bere horretan lagatzea nahi dute, eolikorik gabe. "Ekintza honen bitartez berriro ere agerian jarri nahi izan dugu Karakaten Green Capital enpresak eraiki nahi duen zentral eolikoak eragingo lukeen txikizioa, eta berriro ere aldarrikatu nahi izan dugu Karakate bizirik nahi dugula eta mendietan ez dugula eolikorik nahi", adierazi dute.

Karakate Bizirik Plataformak domeka goizean Mintxeta inguruan jokatuko den Mugertza krosak duen ikusgarritasuna eta irismena baliatu nahi du bere aldarrikapenak zabaltzeko, jakin baidaikite oihartzun handia duela..

Mintxeta baserrikoei zelaia erabiltzeko baimena eskatu eta jaso ostean, pankarta bere lekuan ipintzea ez dela lan erraza izan aitortu dute, "inondik ere". Hiru egun behar izan dituzte, "letrak oihalean pintatzen hiru bat arratsalde pasa ditugu, eta gaur 9:00etatik 15:00etara jardun dugu pankarta zelaian kokatzen", azaldu dute. Egin duen hego haize indartsua eta euria oztopo handia izan direla azaldu dute, eta pankarta zelaira lotzeko eta egonkortzeko hasieran uste zutena baino iltze gehiago erabili behar izan dituzte, "150 bat iltze bai gutxienez, beste euskarri batzuez gainera. Bi metrotik behin sartu ditugu iltzeak, eta hala ere nahikoa lan eduki dugu".
Elgoibarko Karakate Bizirik taldeak publikoki ere eskerrak eman nahi dizkio Mintxeta baserriko bizilagunei, zelaia erabiltzen lagatzeatik eta Ion Urbietari eta Joseba Olazabali ere eman dizkiote eskerrak dronearekin irudiak hartzeagatik. Grabaketa lanetan ari ziela drone bat galdu zitzaiela ere jakinarazi dute, Mintexeta eta Alcorta enpresaren artean, eta norbaitek aurkituko balu eurekin harremanetan jartzeko eskatu dute. Era berean, Udal Kirol Patronatuari eta Juan Mugerza kroseko antolatzaileei ere eskerrak eman dizkiete, elkarlanerako prestutasunagatik eta kamisetak saltzeko espazio bat eskaintzeagatik. "Txalotu halaber krosa antolatzen egiten duten lana, lehen mailako kirol proba bat auzolanean antolatzeaz gain Elgoibarri eta Elgoibarko herri mugimenduei proiekziorako aukera ematen baitie krosak. Milesker Morkaiko mendizale elkarteari eta Kideok igeltsaritzari ere, pankarta egiteko materiala eta espazioa ahalbidetzearren", esan dute.

2023 01 07 Karakate Bizirik Plataforma pankarta erraldoia mintxeta dron 2

2023 01 07 Karakate Bizirik Plataforma pankarta erraldoia mintxeta dron 1