Etorkinak, emakumeak eta adinekoak dira bazterkeriaren eragin handiena jasaten duten kolektiboak

Barren.eus 2016ko ots. 17a, 12:07

Elgoibarko Gizarteratzearen aldeko Mahaiak toki mailako gizarte-bazterkeriari eta gizarteratzeari buruzko diagnostikoa aurkeztu du. Dokumentu horretan, kapitulutan banatuta, Mahaiko kideek identifikatu dituzten datuak, eskuragarri dauden baliabideak, eta ondorio eta erronka nagusiak biltzen dira. Besteak beste, bazterkeriaren eragin handiena jasaten duten kolektiboak etorkinak, emakumeak eta adinekoak direla azaldu dute.

Dokumentua osatzeko hainbat gairen inguruan eskuragarri duten informazioa erabili dute: esku-hartze soziala, prestazio ekonomikoak, enplegua eta lan-munduratzea, etxebizitza, emakumea, adinekoak, mendekotasun-egoeran dauden pertsonak eta immigrazioa. (ikusi hemen: Elgoibarko Gizarteratzeari/Gizarte Bazterkeriari Buruzko Diagnostikoaren laburpena -PDF-)

Elgoibarko Gizarteratzearen aldeko Mahaia duela bi urte sortu zuten erakundea da eta administrazio edo erakunde publikoek, hirugarren sektoreko erakundeek eta gizarte-mugimenduek osatzen dute gai horren inguruan toki mailan lan egiten duten eragile guztientzako topagunea, gogoetarako eremua eta elkarrekin lan egiteko gunea abian jartzeko asmoz. Gaur egun Mahaia osatzen duten erakundeak dira honako hauek: Elgoibarko Udala (Gizarte Ongizate Saila eta Berdintasun eta Enplegu Saila), Lanbide, Zabaltzen-Sartu elkartea, Cáritas, Gurutze Gorria, Nagusilan, STOP Desahucios Debabarrena, Gizarte-bazterkeriaren aurkako Plataforma eta Kalamua Guraso Elkatea.

Ondorio nabarmenenak

Diagnostikoaren edukiari dagokionez, langabezia-tasak, prekarietate mailak eta prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten pertsonen profilak aztertuz gero, izaera ekonomikoko bazterkeriaren eragin handiena jasaten duten kolektiboak honako hauek direla ondorioztatu dute: etorkinak, emakumeak eta adinekoak. “Ofizialki 2008. urtetik jasaten ari garen krisiaren aurretik ere hiru kolektibo horiek osatzen zituzten txirotasunaren eta bazterkeriaren eragin handiena jasaten zuten populazio-sektoreak. Gainera, aurretiazko urrakortasun-egoera hori dela eta, gaur egun ere, ondorioak maila handiagoan jasaten dituzte”.

Aurreko horiez gain, diagnostikoan “arreta berezia” merezi duten beste gai edo kolektibo batzuk ere identifikatu dituzte. Horien artean, honako hauek azpimarratu dituzte:

  • Langabetuak eta, bereziki, iraupen luzekoak, prestakuntza baxua dutenak edo 50 edo 55 urte baino gehiago dituztenak.
  • Ezinduak eta mendekotasuna duten pertsonak. “Gero eta sektore ugariagoa da eta beharrezkoa da eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko lagungarriak diren eta esparru guztietan txertaketa bermatzen duten programak eta zerbitzuak garatzea”.
  • Indarkeria matxistaren prebentzioa eta indarkeria horren biktima izan diren emakumeei eman beharreko arreta.

 

•Jarduera multzoa prest

Diagnostikoko lan horren bidez, Mahaiko kide diren erakundeek hartzaile berekin lan egiten duten, eta osagarriak izan daitezkeen jarduerak egiten edo zerbitzuak eskaintzen dituzten eragileen arteko lankidetza eta koordinazioa areagotzeko beharra dagoela ikusi dute.

Era berean, Mahaiak aurten garatzea aurrez ikusi duen jarduera multzoa aurkeztu du. Prestatu duen diagnostikoaren hedapenaz gain, informazioko eta sentsibilizazioko (Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema berriari buruzko informazio-hitzaldia, txirotasunari eta bazterkeriari buruzko sentsibilizazio-jarduerak, eta etorkinei buruzko estereotipoei eta aurreiritziei aurre egiteko jarduerak…), eta boluntariotza eta partaidetza sustatzeko ekintzak garatzea aurrez ikusi du.