Elgoibarko meskita ezagutu eta Marokoko zein Pakistango jakiak dastatzeko aukera izan dute Auzoko Familiak egitasmokoek

Barren.eus 2022ko aza. 28a, 13:41

Euskaratik, elkarbizitzarako zubi bat eraikitzeko jarri zuten abian Auzoko Familiak egitasmoa. Oraingoan, Elgoibarko Tawasol komunitate musulmaneko kideekin harremanak izateko balio izan zien zubiak, eta Elgoibarko meskita erakusteaz gain, Pakistango zein Marokoko jakiak prestatu zituzten haiek guztientzako.

Auzoko Familiak egitasmoko arduradunek azaldu dutenez, egitasmoan parte hartzen ari diren familiek "arratsalde ederra" igaro zuten Tawasol komunitateko familiekin batera, joan den eguenean meskitara egin zuten bisitan. "Harrera beroa egin ziguten. Meskita ezagutzeko aukera eduki genuen, eta Marokoko zein Pakistango jaki goxoak ere dastatu genituen, elkarrekin berbetan ari ginen bitartean. Honela, Elgoibarko bizilagunok elkar ezagutzeko eta elkarrengana pixka bat gehiago hurbiltzeko aukera izan zutela uste dugu, gure egitasmoaren helburu nagusienetakoa dena", azaldu du Gorane Ayestak, Auzoko Familiak egitasmoko arduradunak.

Euskaratik urrun eta euskaratik gertu bizi diren familiak elkartzeko sortu zuten 'Auzoko Familiak' (Lehen, 'Hurbiltzen') egitasmoa Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak orain urtebete, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Antolatzaileek uste dute Euskal Herrian elkarbizitza hizkuntzatik ere eraiki daitekeela, kultura ezberdinetako herritarrak harremanetan jarrita, eta horretan ari dira. Hilean bi arratsaldetan batzen dira 'Auzoko Familiak' egitasmora batutako familiak, nahi dutenerako, eta, jakina, ez daude lotuta irteera denetara joatera. Izena emateko Elgoibarko Izarrara, ikastolara edo Herri Eskolara deitu behar da, eta doan da izen-ematea.

Informazio osoagoa BARREN aldizkarian argitaratutako 'Elkarbizitzarako zubiak, euskaratik' erreportajean

2022 11 24 tawasol meskitara bisita auzoko familiak atxutxiamaika 1

2022 11 24 tawasol meskitara bisita auzoko familiak janaria atxutxiamaika

2022 11 24 tawasol meskitara bisita auzoko familiak atxutxiamaika b1