Mendaro, Elgoibar, Deba eta Mutrikuko adinekoentzako hiru udal etxebizitzak erabiltzeko prest daude

Barren.eus 2022ko aza. 28a, 10:59

Mendaroko Udalaren herriko hiru etxebizitza sozialak erabilgarri daude jada. Eskualdeko lau herriri emango dio zerbitzua, Deba Kostako Gizarte Zerbitzuen eremuko udalek Mendaron hitzarmena sinatu ostean.

Joan zen azaroaren 25ean egin zuten hitzarmena sinatzeko ekitaldia Mendaron. Zerbitzua jasoko duten lau herrietako ordezkariek urtebeterako hitzarmena sinatu zuten, eta jakinarazi dutenesz, 4 urte arte berritu ahal izango da urtez-urte.

Udal ostatua egonaldi luzerako edo erabilera iraunkorrerako zerbitzua da eta, salbuespen gisa, aldi baterakoa. Tutoretza, bitartekaritza-bitartekotza, gizarte-laguntza eta gainbegiratze lanak egiteko langileen laguntza eta, hala badagokio, etxez etxeko arreta pertsonala ere jasotzeko aukerarekin.

Tutoretzapeko etxebizitzen helburuak honakoak dira: erabiltzaileak haien komunitatearen ingurunean gera daitezela erraztea, autonomia hobetzea, hari eustea edota autonomiaz moldatzeko aukera ematen duten trebetasun eta gaitasunak galtzea prebenitzea, bakarrik bizitzen ez uztea, segurtasun-sentimendua eta beste zerbitzu batzuen esku-hartzea eska dezaketen beste beharrizan batzuk atzematea, hobetzea eta bizilekurik ez dutenei ostatu hartzeko aukerak ematea.

Mendaroko Eguneko Zentroko espazioan daude zerbitzua emango duten hiru etxebizitzak. Urteak zeramatzaten eraikita, baina orain arte ez dituzte erabilgarri jarri. Mendaroko Udalak hainbat egokitzapena lan gauzatu ditu, hala nola, hezetasun arazoak konpondu, energia elektrikoaren kontagailuak egoki banatu, edota etxeko elementu ezberdinen horniketa (etxeko gailuak, menajea…). Lanotarako, 33.058,91 euroko aurrekontua bideratu dute.

Ostatu zerbitzuaren kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa Mendaroko Udalaren eskumenekoa izango da baina kudeaketa horren finantzaketa lau udalerrien artean banatuko dute. Inbertsioen ondorioz izango diren gastuak zein kudeaketari dagozkionak, biztanleria kopuruaren arabera banatuko dituzte: Elgoibarko Udalak %47,39, Debako Udalak %22,43, Mutrikuko Udalak %22,02 eta Mendaroko Udalak %8,16.

Erabiltzaile plazaren kostuaren ordainketa, berriz, erabiltzailearen jatorrizko udalerriak ordainduko du, %100 ordaindu ezin duten pertsonen kasuan. Plazaren kostua urtero finkatuko dute.
Lau udalerrietako alkateek “oso positiboki” baloratu dute zerbitzu hau elkarlanean abian jarri izana: “hilabeteak daramatzagu lau udalok lanean eta gaur herritarren ongizatea bermatzeko abian jartzen dugu zerbitzu hau. Egoera zaurgarrienean dauden herritarrak hartatuko ditugu honela, Deba Kosta eremuko herritarren bizi kalitatea bermatuz eta kasu hauetan nabarmen hobetuz. Gizarte Zerbitzuen alorrean Aurrera-pausu garrantzitsua bezain beharrezkoa da”.

2022 11 25 mendaro adinekoentzako etxebizitzak sinadura udal ordezkariak