Eskutik eskura helduta eoliko bat irudikatuko dute Elgoibarren, 26an

Barren.eus 2022ko aza. 19a, 10:02

Green Capital enpresak Karakaten eraiki nahi dituen haize erroten kontra indarrak biltzeko ahaleginean jarraitzen du Karakate Bizirik plataformak. Proiektuak kontrako iritzi asko bildu ditu. Elgoibarko Udalak berak ere aho batez egin zuen maiatzean Green Capitalek Karakaterako dituen asmoen kontra, baina plataformatik ohartarazi dute bere bidea egiten ari dela enpresa eta prozesua azken fasean sartu dela. ‘Ezin dugu guardia jaitsi”.

Hala, mobilizazio handia iragarri dute azaroaren 26rako. Gipuzkoako Mendiak Aske plataformak deituta Elosun egin bezala, giza-kate bat osatu nahi dute Elgoibarko kaleetan, dorre eoliko bat irudikatuz.

Gipuzkoako Mendiak Aske plataforman bildu dira mendietan eolikoak jartzearen kontra hainbat herritan sortutako plataformak, tartean Elgoibarkoa. Elosun egin zuten lehen agerraldi publikoa urrian eta salatu zuten orain arte han-hemen aurkeztutako proiektuak ez direla ez iraunkorrak eta ezta berriztagarriak ere, eta proiektu horien lehentasuna ez dela herritarren argindar beharrak eta ongizatea bermatzea. Karakate Bizirik ere horixe azpimarratu dute sorreratik: energia berriztagarrien alde daudela, baina ez edozein preziotan. “Ez dugu mendietan txikiziorik egiterik nahi!". Eta mezu hori zabaltzeko antolatu dituzte egin dituzten ekimen guztiak eta iragarri dituzte beste batzuk, handiena hilaren 26rako. Atzo, Karakateko Igoerarekin bat eginez, postua jarri zuten, sinadurak biltzeko eta materiala saltzeko, eta talde-argazkia ere atera zuten probaren sari banaketa ekitaldiaren amaieran. Hona prestatu duten ekintzen egitaraua:

AZAROAK 20, IGANDEA

  • Txilarre, Lizagasar eta Abatetxe baserrietara bisita, hango autokontsumo instalakuntzak ezagutzeko. 15:30ean abiatuko dira IMko aparkalekutik. Ez da izenik eman behar.

AZAROAK 26, ZAPATUA

  • Giza katea osatuko dute Kalegoen plazatik Maalara. Gutxienez 300 lagun behar dituzte. 12:30ean bilduko dira Kalegoen plazan. Hileko azken feriako txosna ere Karakate Bizirik plataformak kudeatuko du egun horretan.

 2022 11 19 karakateko igoera elgoibar saribanaketa arkupeetan BARREN

 • 8,4 kilometro luzeko errepidea
Abuztuan, opor sasoian, argitaratu zituen proiektuaren inguruko xehetasun gehiago Green Capital enpresak, behin-behineko ingurumen txostenarekin batera. Besteak beste, argitu zuen dorre eolikoen piezak Karakateraino garraiatzeko irtenbide bakarra ikusten dutela: Hau da, Elosutik barrena, mendigain osoan zehar, bost metro zabal lituzkeen 8,4 kilometro luzeko errepidea eraikitzea dorreak jarri nahi dituzten lekuraino. Errepide horrek, oro har, %15eko malda izango luke gehienez, nahiz eta punturen batean %20rainokoa onartu, eta errebueltetan, berriz, gutxienez 60 metroko erradioa izan beharko luke. Horrekin batera, aurreproiektuan aipatzen ez zuten dorre metereologikoa eraikitzeko asmoa ere jaso zuten txostenean, baina ez zuten zehaztu kokapena. Hirugarren dorre horrek 101 metroko altuera izango luke, eta eusteko, 520 metro koadroko plataforma eraiki beharko lukete. Azkenik, eta aurreratua zuten bezala, haize errotek sortuko luketen energia Azkuekeko zentralera ekartzea hobesten dute, sare orokorrera lotzeko. Horretarako, 4,1 kilometroko bidea zulatzea aurreikusten dute, klabe-sarea lurperatzeko.

2022 11 18 azkue zentral elek

Proiektuak ingurumenean eragin “moderatua” izango lukeela zehazten du enpresak, eta dio ez duela ikusten arrazoirik aurrera egin ez dezan. Proiektuaren eraginpean daudenek, baina, zalantzak dituzte. Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Jasangarritasunerako Departamentuak abuztuaren 2an enpresaren hasierako ingurumen txostena aurkeztu zuenetik aurrera 30 eguneko epea izan zuten aldeek txostena aztertu eta ekarpenak egiteko, eta Elgoibarko eta Soraluzeko Karakate bizirik plataformek ere aurkeztu zituzten bereak. Baita Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalek eta Soraluzeko Karakate Bizirik plataformak ere. Elgoibarko Udalak abuztuaren 12an aurkeztu zituen bere ekarpenak eta irailaren 14an, Karakate Bizirik-ek (Morkaikoren izenean aurkeztu zituzten, plataformak ez baitu izaera juridikorik). Nolanahi ere, eta nork bere dokumentua aurkeztu arren, ekarpenak “ildo berekoak” direla nabarmendu du Mikel Olaizola plataformakoak. Ekarpen horiek guztiak aintzat hartuta, behin-betiko ingurumen-txostena aurkeztea dagokio orain enpresari, eta ondoren, beste epe bat zabalduko da kaltetuek alegazioak aurkez ditzaten. Epe hori amaitu ondoren, erabakiko du Eusko Jaurlaritzak zentral eolikoa egiteko baimena emango duen ala ez.

“Azken fasean gaude, horregatik diogu ezin garela lasaitu”, esan du plataformako Imanol Cerdeirak “Karakaten zentral elektrikoa eraiki nahi izatea basakeria bat dela uste dugu, bi dorre elektrikoek eurek eta haiek eraikitzeko sortu beharko duten azpiegitura osoak, tartean mendigain osoa gurutzatu eta parke megalitikoa gurutzatuko duen bideak, txikizioa eragingo duelako elgoibartarrontzat hain berezia den mendi gainean. Enpresak berak ere badaki hori, eta abuztuan argitaratu zuen propio txostena, eragingo dituzten kalteak itzalpean geldi daitezen”, adierazi du Olaizolak. Plataformatik nabarmendu dute Elgoibarko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean galarazita dagoela inguru horretan parke eoliko bat eraikitzea, baina Ingurumen Administrazio Legea, -Tapia Legea-, horren gainetik dagoela. Iazko abenduan onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Ingurumen Administrazioaren Legea, EAJren eta PSE-EEren botoei esker, eta legeak aldaketa ekarri zuen. 1990etik iaz arte, edozein proiektuk udalerrien baimena behar zuen aurrera egiteko, baina orain, Jaurlaritzak eskumena dauka proiektu bat interes orokorrekoa dela esateko, eta hala dela erabakiz gero, udalek ezin diote uko egin proiektu hori beren herrietan ezartzeari. “Horrek sortzen digu kezka. Zenbateraino dagoen babestuta mendigaina eta hango ondare arkeologikoa”, esan du horren harira Imanol Cerdeirak [Ingurumen txostenean, 15 metroko babes erradioa aurreikusten dute aztarnategi bakoitzarentzat].
Energia berriztagarriak sustatzea beharrezko jo arren, Udalak ere ez du begi onez ikusten proiektua Karakaterako, eta maiatzean, aho batez egin zuen Green Capitalek agertutako asmoen kontra, Karakate Bizirik plataformatik egindako eskaerarekin bat eginez. Bost arrazoi jaso zituzten mozio hartan: Karakateko mendi ingurua elgoibartarren aisialdirako “leku berezia eta kuttuna” dela; aurkeztutako aurreproiektua Elosua-Plazentzia estazio megalitikoaren mugetan sartzen dela; proiektuak Karakate-Irukurutzeta-Agirreburu babes bereziko naturgunean eragin zuzena izango lukeela; Elgoibarko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak espreski galarazten dituela parke eolikoak egitea inguru horretan, eta klima aldaketari aurre egiteko energia berriztagarriak sustatzea ezinbestekoa dela, baina mota honetako proiektuek herritarren artean ahalik eta kontsentsu zabalena izan behar dutela eta ezin dutela herrietako ondarearen kontra egin.

Eta bai orduan, eta bai orain, azaroko osoko bilkuran, Elgoibarko udal gobernutik lasaitasun mezua zabaldu dute, arriskurik ikusten ez dutelako. Honako arrazoiak ematen dituzte: batetik, HAPOn Karakate-Irukurutzeta mendilerroko Elgoibarko magala natura-intereseko gune izendatua dagoela eta debekatzen duela parke eolikoak jartzea, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren aurrerapen-dokumentuan ere jasota dagoela debekua eta Karakateko Parkea Antolatzeko Plan Berezia, zeinak Karakateko elementu naturalak eta megalitikoak babestea eta balioestea jasotzen duen. Hala ere, horri ez diote babes nahikoa irizten EH Bilduk eta Ahal Dugu-Podemosek, udalbatzaren azkeneko osoko bilkuran argi gelditu zenez. EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen ondare arkeologikoa gehiago babesteko neurriak eskatuz, eta horretarako, babesa tontorreraino zabaltzea eskatzen zuen, azkenaldian egin diren aurkikuntzak Jaurlaritzak 2003an ezarritako babes-eremutik kanpo daudela arrazoituta (Ahal Dugu-Podemosen babesa jaso zuen). Udal gobernutik, aldiz, nabarmentzen dute Karakateko ingurua babestea izan dela eta dela euren lehentasuna, eta konfiantza osoa dutela zentzu horretan ematen ari diren pausoetan.

2022 11 19 karakate bizirik inf sinadurak arkupeetan barren 

∞Lotura duten albisteak: