24/7 plataformak zapatuko mobilizazioaren balorazio positiboa egin du eta eta borrokan jarraitzera animatu ditu herritarrak

Barren.eus 2022ko aza. 4a, 15:00

Elgoibarko Anbulatorioa asteko zazpi egunetan eta 24 orduz zabalik egotea eskatzeko mobilizazio eguna izan zen zapatukoa, Elgoibarren, eta egin duten balorazioaren berri eman dute antolatzaileek. (bideoa dauka)

Mobilizazio egunaren "arrakasta" azpimarratu du 24/7 plataformak, eta dei egin die herritarrei euren eskaera "masiboki" babesten jarraitzera. "Ehunka herritarrek hartu zuten parte larunbatean egin ziren jardueretan, eta, beste behin ere, agerian geratu zen murrizketen salaketa eta anbulatorioak etenik gabeko ordutegia berreskuratzeko eskaera elgoibatarren gehiengoak babesten duela", adierazi dute.

Plataformakoek aipamen berezia egin diete joan den larunbatean Elgoibarko kaleetara irtetea erabaki zuten pertsona guztiei, eta bereziki antolatutako ekitaldietan parte hartu zutenei: "Mila esker Haritz Euskal Dantzari Taldeari, Alfon eta Gabi musikariei, Angel Ugartebururi, Raqueli, Aneri, merkatariei, ostalariei, eragile sozialetako ordezkariei eta larunbateko mobilizazioa arrakastatsua izan zedin euren aletxoa jarri zuten pertsona anonimo guztiei".
Elgoibarri eta elgoibartarrei kendu zitzaion eskubide bat berreskuratzeko borrokan jarraituko dutela adierazi dute, harik eta "elgoibartarren gehiengo handi batek egiten duen erreklamazio horri Osakidetzak eta haren arduradun politikoek behingoz erantzun bat eman arte. Entzun dezatela gzution ahotsa eta erantzun bat eman". Gainera, zehaztu dute, borroka hau ez dela gutxi batzuena, "guztiona" baizik; hala, Elgoibarko herritarrak, orain arte egin duten moduan, mobilizatzen jarraitzera animatu dituzte.

Zapatuko mobilizazioaren laburpen-bideoa (amaieran, egun batzuk lehenago eginiko kale-inkesta):