Kartoi komertziala ordutegiz kanpo ateratzeagatik kargu hartu die Mankomunitateak zenbait saltokiri

Barren.eus 2022ko urr. 17a, 15:49

Edukiontzi gune batzuetan edukiontzietatik kanpora hondakinak zergatik pilatzen diren jakiteko asmoz, azterketak egin ditu Debabarrena Mankomunitateak azken hilabeteeatan.

Mankomunitatetik jakinarazi dutenez, 2022ko otsailean hasi ziren edukiontzi inguruetako puntu batzuetan pilatzen diren hondakinen jatorria argitzeko ikuskapenak egiten, herritarrek azaldutako kezkari erantzunez. Eta neurriak hartzen ere hasi dira. "Izan ere, edukiontzien kanpoan dauden hondakinek ingurua zikintzen dute eta herriko zenbait kaleetan ibiltzea esperientzia desatsegin bihurtzen dute", adierazi dute.

Uztailera bitarteko miaketak, batez ere, Ermuan eta Eibarren egin zituen Mankomunitateak, eta irailetik aurrera Mendaron, Elgoibarren eta Soraluzen ere esku hartzen ari da.
92 edukiontzi gune aztertu dituzte
Otsailetik hona, guztira 92 edukiontzi gunetan egin du jarraipena Mankomunitateak Ermuan, Eibarren, Mendaron, Elgoibarren eta Soraluzen, eta edukiontzietara sartu gabeko hondakinak aurkitu dituzte 43 edukiontzi gunetan, hau da, ia erdietan.
Irailetik hona egindako ikuskatzeei dagokionez, Mendaron zortzi edukiontzi puntu aztertu dituzte eta horietako lautan aurkitu dituzte hondakinak edukiontzietatik kanpo. Elgoibarren, aldiz, hamalau edukiontzi puntu aztertu dituzte, eta horietatik zortzitan zeuden hondakinak edukiontzietatik kanpo. Azkenik, Soraluzen hamar edukiontzi puntutan egin dituzte azterketok, eta hiru edukiontzi guneren kanpoan agertu dira hondakinak.
 • Kartoi komertzialak nagusi
Aztertu dituzten kasu gehienetan kartoi komertzialak aurkitu dituztela nabarmendu dute, "edukiontzien kanpoan ordutegiz kanpo lagatakoak". Beltz koloreko poltsa handiak eta egurrezko kaxak ere topatu dituztela gaineratu dute. Mankomunitateko arduradunek gogora ekarri dute kartoi komertzialak edukiontzietara botatzeko "ordutegi zehatza" duela udalerri bakoitzak.
Mankomunitateko ordezkariek hondakinak edukiontzietatik kanpo agertu diren guneen inguruko establezimenduak bisitatu dituzte, establezimendu horietako arduraduei euren "jokabide okerraz informatzeko". Jokabide horiek errepikatzen badira, isunak ipiniko dituela jakinarazi du Mankomunitateak.

2022 10 17 kartoi komertziala elgoibasr debabarrena mankomunitatea

2022 10 14 hondakinak kanpoan aita agirre elgoibar