Eolikoak mendietan ipintzearen kontra batu dira Elosun

Barren.eus 2022ko urr. 13a, 17:01

Gipuzkoako Mendiak Aske plataformaren baitan elkartu dira hainbat eragile, tartean Elgoibarko Karakate Bizirik, eta eguaztenean protesta ekitaldia egin zuten Elosun, inguruko mendietan jarri nahi dituzten eolikoen kontra.

Ekimenaren sustatzaileek jakitera eman dutenez, hainbat herritatik joandako 400 bat lagun batu ziren atzo Elosu auzoan. Elgoibartarrak ere izan ziren bertan. Batzuk oinez joan ziren, beste batzuk bizikletan eta autobusez joan zenik ere izan zen. Elgoibartik joandakako lagunekin batera, Azkoitiko Oletan ere Ez!, Azpeitiko nahiz Zestoako Sañu Bizirik, Soraluzeko eta Bergarako Karakate Bizirik, Urretxu eta Zumarragako Urretxu-Zumarraga Bizi! eta Zizurkilgo nahiz Usurbilgo Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeetako kideak nahiz herri horietako herritarrak elkartu ziren. Baita bestelako lurralde batzuetatik bertaratutakoak ere.

Elosun egin zuten agerraldian adierazi zutenez, eolikoen proiektua ez dago herritarrei begira pentsatua: "Gipuzkoarako aurkeztu diren proiektu eolikoen lehentasuna ez da Gipuzkoako herritarron beharrak eta ongizatea bermatzea baizik eta asetzea enpresa handiek dituzten nahiak. Munduko beste herrialdeetan aplikatzen den eredu bera errepikatzen da: azpiegitura erraldoiak egin, ingurua eta inguruko biztanleak sakon kaltetu, hainbat urtetan intentsiboki ustiatu, eta ondoren, alde egin, zaborrak eta kaltea bertan utzita".
Deitzaileek mendiak babestearen aldeko mezua zabaldu zuten eta "mendiak industrializatzeko" aurkeztu diren proiektuak gerarazteko eskatu zuten. Orain arte proiektatutako zentral eolikoak ez direla "ez jasangarriak" eta ezta "berriztagarriak" ere ohartarazi zuten, batik bat, eolikoak eraikitzeko erabili beharreko materialak mugatuak direlako eta zentralak eraikitzeko beharrezko azpiegiturek mendiak txikitu egingo dituztelako. Datuak ere eman zituzten euren usteak arrazoitzeko, eolikoak eraikitzeko erabiltzen duten materialei buruzko datuak. Honakoak behar dira: hormigoizko tona bana, 335 tona altzairu, 4,7 tona kobre, 3 tona aluminio, 2 tona lur arraro eta beste material batzuk –hala nola, zinka eta molibdenoa–. "Jakina, material horiek lortu, garraiatu eta manipulatzeak kutsatu eta energia fosil asko gastatzen du", gaineratu zuten. Bestalde, dorre eolikoen hegalek –70 metro luze edo luzeago direnak– gehienez 25 urtez funtzionatzen dutela azaldu zuten. Hondatzen direnean, oraindik orain, hondakin moduan lurperatzen dituzte gehien-gehienak.
Azpiegiturei dagokienez, berriz, sakonera handiko zuloak, hormigoizko oinarriak, errepide zabalak, hustubideak, dorre metereologikoa… eraiki behar dituzte mendietan, besteak beste.
Agerraldiaren ostean, Elosuko belardi batean eoliko baten tamaina irudikatzeko mosaiko bat egin zuten protesta ekitaldira joandako lagunek.

Hona hemen agerraldian irakurri zuten komunikatua osorik

2022 10 12 elosu eolikoen kontra elgoibartik prentsaurreko 1 Karakate bizirik

2022 10 12 elosu eolikoen kontra elgoibartik prensaurrekoa Karakate bizirik

2022 10 12 elosu eolikoen kontra elgoibartik oinez Karakate bizirik

2022 10 12 elosu eolikoen kontra elgoibartik oinez bidean Karakate bizirik

2022 10 12 elosu airetik irudiapena gipuzkoa mendiak aske

2022 10 12 elosu airetik irudiapena tokikom 700x700 gipuzkoa mendiak aske

∞Lotura duten albisteak: