Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2022 10 06 karakate eolikoak martxa 05 09Green Capital enpresak egin asmo duen zentral eolikoaren tramitazioa ingurumen inpaktuen ebaluazioaren prozesuari dagokion urratsean dago.

 

Abuztuan, enpresak aurkeztutako lehen dokumentuari interesatuek ekarpenak egiteko kontsulta epea zabaldu zen, eta Soraluze, Bergara eta Elgoibarko Udalek egindako moduan, Soraluzeko eta Elgoibarko Karakate Bizirik plataformek euren ekarpenak egin zituzten, Soraluzeko Mendi Taldearen eta Morkaiko Mendi Taldearen ordezkaritza baliatuz. Alegazioak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari helarazi dizkiote.

Hemen irakur dezakezue alegazioen dokumentuaren laburpena:

1- Enpresaren hasierako dokumentua aztertzeko jakinarazpena Eusko Jaurlaritzak egin zuen, abuztuan, eta urratu egin zituen ingurumen-gaietan informazioa eskuratzeko eta jendeak parte hartzeko Aarhuseko Hitzarmenaren eta Rioko Adierazpenaren espiritua.

2- Green Capital gezurretan ari da, adierazten baitu proiektu honek urtean 9.741 tona CO2 isurtzea saihestuko duela atmosferara. Ez du kontuan hartu ekoizpen-prozesu osoak (aerosorgailuak egitea, garraioa, obra zibila, funtzionamendua eta mantentze-lanak) eragindako CO2 isurketa.

3- Eraginpeko eremua 39 zenbakia duen “Karakate-Izarraitz” korridore ekologikoan integratuta dago eta, gainera, euskarri funtzioa betetzen du mehatxatutako espeziea den bisoi europarrarentzako Interes Bereziko Eremuarentzat, eta harengandik oso hurbil dago.

4- Proposatutako trazadura 9120 zenbakidun Batasunaren Intereseko Habitataren barruan dago, baina pagadiei eragingo dizkien kalteak gutxietsi egiten ditu enpresaren dokumentuak, batez ere Elosua gailurretik Akelarrerainoko bidearen eraikuntzak eragingo lituzkeen kalteak.

5- Aurkeztutako dokumentuaren ingurumen-zorroztasunik eza agerikoa da, eremuaren balio handiari garrantzia kentzen dio eta, adibidez: a) Eragindako eremua natura-intereseko eremu gisa sartuta dago LAGetan (Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak)” Karakate-Irukurutzeta-Agerre Buru” izenpean. b), baita EAEko Intereseko Naturguneen katalogo irekian ere, 36 zenbakiarekin. c) interes geologikoko eremu gisa katalogatuta dago, V06GIS.URA0410 kodearekin.

6- Gunean Elosua Plazentzia Geltoki Megalitikoa dago, Monumentu Multzo kategoriarekin. Dokumentuak hauxe besterik ez du esaten: eragin posiblea zehazteko, arkeologo kolegiatu batek azterketa espezifiko bat egin beharko du. Gainera, ez dira aipatzen 2022an prospekzio arkeologikoetan detektatutako monumentu megalitiko berriak; horregatik guztiagatik, azterketa hori ARANZADI bezalako erakunde independente eta ingurua ezagutzen duen batek egitea eskatu dugu.

7- Eremua arriskuan dauden hegaztien lehentasunezko ugalketa-, elikadura-, sakabanatze- eta kontzentrazio-eremuetatik hurbil egoteari dagokionez, Green Capitalek esan du aurrerago azterketa bat egin beharko dela, hainbat parke eoliko daudenez, izan daitezkeen inpaktu metatzaileak identifikatzeko. Azterlan hori erakunde independente eta kontrastatu batek idaztea eskatu dugu.

8- Inpaktu paisajistikoen potentzialtasun handieneko eremua denez, gailurreriaren kokapen topografikoagatik, eta eragin izugarria izango duenez, Paisaiaren Integrazioari buruzko Azterlan bat sartu beharko luke enpresak, EAEko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko 90/2014 Dekretuak eskatzen duen bezala.

9- Debabarreneko ZLPk (Zatikako Lurralde Plana) barne hartzen du eragindako eremua, “Garrantzi Bereziko Eremuak. Babestu beharreko eremuak” deritzonaren barruan; beraz, gizakiaren esku-hartzea mugatzen da, eta egungo ustiapen-prozesuak kontserbazio-helburuetara egokitzen dira. Parke Eolikoen eraikuntza ez dator bat babes eta kontserbazio helburu horiekin.

10- Ez dira adierazten GI-3750 errepidea (Azkoitia-Bergara) Elosuara iristeko egokitzeko egin beharreko lanek ingurumenean eragingo lituzketen kalteak.

11- Gutxi esaten da akuiferoek jasango duten eraginari buruz, are gehiago akuiferoetako askok tokiko eta mendiko baserri eta iturri publiko ugari hornitzen dituztenean, horiek biodibertsitaterako duten garrantzia eta habitat horren aldaketak animalia, landare eta baserrientzat izan ditzakeen ondorioak alde batera utzita. Lurpeko urei buruz ere ezer gutxi esaten da, are gehiago aztertutako eremu osoa lurpeko ur-masa beraren gainean dagoenean: Bizkaiko Sinklinorioa. Akuiferoen eta lurpeko uren gaineko eraginei buruzko azterketa sakonagoa eskatzen dugu.

12- Ezer ez da adierazi proiektuak aire-zirkulazioan eraginik duen edo/eta baztertze-eremua den, aerosorgailuek 200 metroko altuera baitute. Beharrezkoa da, edozein jarduketa egin aurretik, AENAren baimena.

13- Ez da eremuari buruzko inolako azterketarik egin; aitzitik, «Karakate» aukeratu da soil-soilik: «Irizpide anitzeko azterketa bat, tresna informatikoetan oinarritua, hala nola informazio geografikoko sistemetan, bilketa kartografiko baten bidez». Beraz, dokumentuan adierazitako guztia ez da lekuan bertan egindako azterketen emaitza, simulazio informatiko hutsen eta Karakate eta inguruetako errealitate ekologiko, paisajistiko, etnografiko eta abarrekin bat ez datozen datuen konpilazioaren emaitza baizik. Hori dela eta, hasierako dokumentu hori automatikoki baztertu behar da, ingurua bertatik bertara ezagutzen eta aztertzen ez duelako.

DKT

DKT

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza