Debabarrenako jantokietan elikagaien xahutzea ekiditeko diagnostikoa egiten ari dira

Barren.eus 2022ko urr. 3a, 12:53

Debabarrenako Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak eskualdean elikagaiak alferrik ez galtzeko elkarrekin garatzen ari diren proiektu pilotua aurkeztu dute.

Proiektu pilotuaren helburu nagusia Debabarreneko jantoki publiko eta pribatuetan elikagaien xahutzea prebenitzeko oinarriak finkatzea dela azaldu dute sustatzaileek, gero oinarri horiekin eskualdean sortutako hondakinen kopurua % 10 murrizteko helburua lortzeko urratsak eman ahal izateko.

Gainera, proiektuak hezkuntza-komunitatea kontzientziatu nahi du ekonomia zirkularraz eta elikagaien xahuketaren arazoaz, eta, aldi berean, elikagaien ekoizpen, hornidura eta kontsumo katean xahutzen den elikagai-kopurua prebenitzeko eta murrizteko jarduera zehatz batzuk bultzatu eta laguntzea ere helburu du, Euskadiko Despilfarroaren aurkako Jardueren Planaren baitan.

Eskualdean praktika jasangarriak sustatzea dela Mankomunitatearen lan-ildoetako bat gogora ekarri du Mankomunitateko presidente Iosu Arraizek. "Horregatik, hondakinen gaikako kudeaketaren ikuspegitik, argi daukagu hondakinik onena sortzen ez dena dela, eta, ondoren, gaika birziklatzen dena. NBEren arabera, munduko elikagai guztien bostenak etxeetako, jatetxeetako eta bestelako elikagai-zerbitzuetako zaborrontzietan amaitzen du. Horregatik, Eibarko Hezkuntza Esparruarekin bat egin dugu Debabarreneko jantokietako elikagaien xahutzea aztertzeko proiektu pilotu hau garatzeko, ekonomia zirkularra sustatzeko eta Debabarreneko jantoki publiko eta pribatu guztietan sortzen diren hondakinen murrizketan oinarritutako praktikak ezartzeko oinarriak finkatzeko”. 

Proiektu pilotu hau aitzindaria dela nabarmendu du Arraizek. "EAEko jantoki publikoetan elikagaien xahuketaren inguruan egiten den lehenetarikoa da. Esan daiteke Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak lan egiteko bide berri bat ireki dutela elkarlanean, elikagaien xahuketa eta honen ondorio negatiboak murrizteko. Proiektu honek etorkizun hurbilean beharrezko urratsak egiteko balio izatea espero dugu", adierazi du. Uxue Zabaleta, Eibarko Hezkuntza Esparruko Agenda 2030 programaren koordinatzaileak azpimarratu du elikadura-sistemak eraldatzeko beharra dagoela elikagaien segurtasuna, nutrizio-kalitatea eta egungo eta etorkizuneko belaunaldien osasun publikoa bermatzeko. "Horregatik jarri dugu abian elikagaien xahuketaren inguruko proiektu pilotu hau”, esan du.

 • Diagnosia martxan da
Mankomunitateak urte hasieran aurreratu zuen moduan, diagnostiko bat egingo dute Eibarko zentroko sukaldean eta jantokian sortzen diren soberakinak neurtu eta kuantifikatzeko, eta, ondoren, elikagaien xahutzea saihesteko ekintza-plana garatuko dute.
Hasiera batean, diagnostikoa maiatzean egitea aurreikusten zuten arren, azterketa garaiaren eta ikasturtearen amaieraren ondorioz jantokiko erabiltzaileen ohituretan izandako aldaketak ikusita, azterketa udazkenera atzeratu dute, errealitatera hobeto egokitzen diren datuak lortu ahal izateko. Honenbestez hilabete honetan, urrian hasiko dira diagnostikoa egiten.
Diagnostikoa Konplexuko jantokian egingo dute, non 200 pertsonak gosaltzen, jaten eta afaltzen duten egunero, gehienak egoitzan bertan egoiliar direnak. Neurketak sukaldean eta jangelan egingo dituzte, eta analisia eguneko hiru otorduetan egingo dute, asteko zazpi egunetan, menu desberdinetan elikagaien xahutzeak izan dezakeen egoera eta ingurumen-baldintzak ezagutzeko. Enraíza Derechos eta Oreka erakundeak arduratuko dira diagnostikoa egiteaz, biak Elikagaien Xahutzearen aurkako Euskadiko Plataformako kide baitira.
Diagnostiko fasea amaitu ondoren, ekintza plan bat osatuko dute datozen urteetan elikagaien xahutzea murrizteko, eta Eibarko Hezkuntza Esparruak eta Mankomunitateak soberakinak birbanatzeko eta birbalorizatzeko sistema bat ere proposatuko dute, “Euskadiko elikagai soberakinak emateko orientazio gidan” jasotakoaren baitan.