36ko gerran Elgoibartik eta Mendarotik kanporatutako emakumeak eta umeak omendu zituzten zapatuan

Barren.eus 2022ko ira. 26a, 12:16

Elgoibar1936 taldeak bildutako informazioaren arabera, 90 bat emakume eta ume kanporatu zituzten matxinatuek 36ko Gerran Elgoibartik eta Mendarotik, eta haiek denak gogoan izan zituzten zapatuan Olaso hilerrian egin zuten omenaldian.

Ekitaldian izan ziren umetan kanporatu zituztenetako hiru lagun, Karmele Gabilondo, Sabin Argarate eta Miren Iriondo, bai eta kanporatu zituztenetako beste zenbaiten ondorengoak ere.

1936ko irailaren 21ean sartu ziren matxinatuak Elgoibarren, eta zazpi hilabetez eutsi zieten gure mendietan CNTko milizianoek, Amuategi batailoiko sozialistek, gudariek eta STV mendigoizale taldekoek. Tropa frankistak sartu aurretik, baina, elgoibartar eta mendaroar askok egin zuten ihes. Errepublikarren kontrolpeko lurretan aurrera egin zuten haietako asko gizonezkoak ziren. Emazteak eta seme-alabak lagata egin zuten aurrera, eta haien kontra gogor jazartu ziren matxinatuak gero. Zapatuko omenaldian banan-banan irakurri zituzten haien izen-abizenak. Ez ziren haiek izan, baina, omendu bakarrak. Patxi Iriondo Aranberri 1936an, erbestean, Elgoibarko alkate izendatu zutena eta memoria historikoaren alde horrenbeste lan egindako Felix Etxeberria 'Parapan' izan zituzten akorduan.

Patxi Iriondok alkate gisa egindako lanari esker eta hark jasotako datuei esker dakigu gaur egun 36ko gerran elgoibartarrek jasan izan zituztenen berri (Salamancako artxiboan daude paperok). Patxi Iriondo herriz herri ibili zen Bizkaian matxinatuek kanporatu zituzten elgoibartarren bila, eta laguntza premian zeudenei laguntzen. "Hark egin zuen zerrendari esker dakigu gutxienez 608 elgoibartar irten zirela ihesi; gure herriko biztaleen %10". (Kanporatutako elgoibartarren eta mendaroaren zerrendak BARREN aldizkariaren 1257. zenbakian -PDF-)

Felix Etxeberriak, berriz, hasiera-hasieratik jardun da Elgoibar1936 taldekoekin harremanetan. Hobiak lekutu zituen Etxeberriak, eta hark emandako informazio horri esker atera zituzten lurpetik gerran hobiratutako gudari eta milizianoen gorpuzkinak. Memoria egiteko eman zuen laguntasuna eskertu zioten Elgoibar1936koek hil berria den lagunari, bai eta ezer ez zegoen lekuan ekiteko eta egiteko izan zuen prestutasuna ere.

Ekitaldian, Haritz Euskal Dantzari Taldekoek eta Mauxitxa txarangakoek ere parte hartu zuten. Aurreskua dantzatu zieten omenduei Haritzeko bi dantzarik, eta lau pieza jo zituzten Mauxitxakoek. A las barricadas, Bella Ciao eta Quinta Brigada kantuak jo zituzten ekitaldian zehar, eta Eusko Gudariak kantuarekin eman zioten azkena ekitaldiari.

Elgoibar1936 taldekoek ekitaldia osorik jasotzen duen bideoa igon dute Youtuben duten kanalera.

2022 0924 omenaldia elgoibar 1936 olaso BARREN 1

2022 0924 omenaldia elgoibar 1936 olaso BARREN lorak