Elgoibarren anbulatorio berria egiteko proiektua martxan jarriko duela jakinarazi du Jaurlaritzak

Barren.eus 2022ko ira. 23a, 12:13

Osasun-zentro eta ospitale gehiago eraikiko dituztela aurreratu zuen Iñigo Urkullu Lehendakariak, eguenean, Eusko Jaurlaritzan egin zuten Politika Orokorreko Eztabaidan. Elgoibar ere aipatu zuen, anbulatorioa berritzeko obren lizitazioa irekiko dutela jakitera eman baitzuen Lehendakariak.

Legealdiko lehen zatiaren analisia eta egungo egoeraren irakurketa egiteko, eta datozen hilabeteetarako zenbait neurri proposatzeko baliatu zuen Iñigo Urkulluk Politika Orokorreko Eztabaida. Bost lehentasun eta 40 neurri zehatz batzen dituen "Euskadiko Giza Garapen Iraunkorra" estrategia, 400 milioi euroz hornitua, ere aurkeztu zuen bere hitzaldian (ikus hemen). Horren barruan, Osakidetzak giza baliabide gehiago izango dituela adierazi zuen, eta "balorazio eta egonkortasun handiagoa" emango dietela; eta, era berean, osasun-zentro eta ospitale gehiago, eta ekipamendu, teknologia eta ikerketa-gaitasun hobeak egitea eta izatea aurreikusten dituztela ere aurreratu zuen.

Elgoibarko anbulatorio berriaren proiektuaren idazketa aipaturiko estrategiaren 20. neurrian dago barneratuta, zeinak zehazten dituen instalazio eta ekipamendu sanitarioen modernizazio ekintza ezberdinak. Izan ere, hainbat osasun zentro berri egiteko edo berritzeko obren lizitazioak irekiko dituztela aurreratu zuen Iñigo Urkulluk bere solasaldian: Gasteizko parte zaharrekoa, Tolosaldekoa, Bergarakoa, Oiongoa, Guardiakoa, Loiolakoa, Bilboko Boluetakoa, Laudiokoa, Urdulizkoa, Astigarragakoa, Sondikakoa, Otxandiokoa eta Elgoibarkoa.

Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, oraindik ez dago zehaztuta anbulatorioa berrituko duten ala berria egingo duten beste kokaleku batean. "Egungo kokalekua eta berriak daude aztergai une honetan", adierazi dute. Edonola ere, "berri oso pozgarria" dela esan du Elgoibarko alkate Ane Beitiak, eta hilabeteetako lanketaren emaitza dela jakitera eman du. "Uste dugu osasun zerbitzua hobetzeko instalakuntza eta azpiegitura berriak beharrezkoak direla. Eskaera horren eskutik, gure prestutasun osoa eskaini genien lankidetzarako hasieratik. Harremana etengabekoa da: Osasun Sailarekin hainbat batzar izan ditugu Elgoibarren bertan bi erakundeon behar eta aukerak aztertzeko. Argi izan dugu, herritarren sinadurak Osasun Sailari helaraztearekin batera, herri erantzukizuna dugun heinean, beharrezkoa zela Jaurlaritzari jakinaraztea gure osasun zerbitzuek modernizazioaren beharra zutela. Elgoibartarrei eskainitako kalitatezko osasun arreta mantendu eta sustatzeko konpromisoa erabatekoa da guretzat” azaldu du Beitiak.