Sanlok jaso du estreinako Lila Saria

Barren.eus 2022ko ira. 22a, 19:57

Zabaldu zutenetik urtebete igaro dela ospatu dute gaur Lilan, Elgoibarko emakumeen etxean. Ospakizuna Lila sariaren banaketarekin hasi dute eta Sanlo kirol taldeari eman diote saria.

Emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna sustatzen lagundu duen elkarte zein norbanakoei errekonozimendua egiteko sortu ditu Udalak Lila Sariak. Lilaren Mahaiko hiru kidek, Berdintasun Saileko teknikariak, Berdintasun Saileko arduradunak eta alkateak osatu dute epaimahaia eta beraiek erabaki dute nork merezi zuen aurtengo saria. Maialen Gurrutxaga zinegotziak azaldu du saria emateko herritarrek aurkeztutako bost hautagaitza jaso dituztela eta guztiek "merezi" bazuten ere saria, Sanlori ematea erabaki dutela. Honela arrazoitu du: "Sanlok 30 urte baino gehiago daramatza emakumeen kirola sustatzen, genero-estereotipoak deseraikitzen, herriko neskentzako erreferente berriak aurkezten eta gizarte berdinzaleago baten aldeko pausuak ematen". Gurrutxagak berak eta Ane Beitia alkateak eman diote saria, 500 euroko txekea, Sanloko hiru ordezkariri: Maialen Loiola (Gaurve taldeko kapitaina), Juan Ramon Agirregomezkorta (zuzendaritzako kidea) eta Lorea Gabilondo (nesken eta eskubaloi eskola koordinatzailea eta Gaurveko entrenatzailea). Saria jasotzera hiru lagun irten diren arren, Sanlon jende askok egiten dutela lan eta horien guztientzat dela saria aipatu du Agirregomezkortak. "Sari hau jasotzeak balio handia dauka guretzat, izugarria, eta mordo bat estimatzen dugu", esan du. Era berean, Lorea Gabilondok ere errekonozimendu handia dela esan du, eta zalantzarik ez izateko bide beretik jarraitzeko asmoa dutela-eta.

Iazko irailean zabaldu zuen atea Lila Emakumeen Etxeak, eta urteurren hori ospatzeko antolatutako jaiaren barruan banatu dute Lila Saria. Ondoren umoreak hartu du Lila, Beatriz Egizabal eta Getari Etxegarairen bakarrizketek barrez leherrarazi dituzte-eta King-kong eraikinean dagoen emakumeen etxean batutakoak. Ane Zabaleta elgoibartarrak eta Deñe Garcia eta bere lagunek eman dituzten musika emanaldiekin amaitu da urteurren ospakizuna.

 

2022 09 22 lila saria sanlo getari etxegarai BARREN

2022 09 22 lila saria beatriz elgezabal bakarrizketa BARREN

2022 09 22 lila saria musika dene garcia BARREN

∞Lotura duten albisteak: