Deba ibaia auzolanean garbitzeko saioa antolatu du Baso Biziak elkarteak

Barren.eus 2022ko ira. 15a, 08:51

Baso Biziak plataformak ibaia eta ingurumen garbiketa egun bateratua antolatu du irailaren 24rako, eta ekimenean parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Besteak beste, Eibarren, Soraluzen, Azpeitia-Azkoitian, Elorrio-Atxondon eta Elgoibarren egingo dituzte ibaia garbitzeko saioak.

Baso Biziak plataformako kide den Elgoibarko Baso Biziak taldeak jakinarazi duenez, Usuako parkean bilduko dira 9:30ean, eta Usua ingurutik Maltzaga alderako zatia garbituko dute Elgoibarren. Agertzen den jendearen arabera osatuko dituzte taldeak, eta talde bakoitzari ibai tarte bat egokituko diete. Ur-eremuaz aparte, ibaiaren ibarra eta bertako zuhaiztiak ere garbitzea da asmoa. Auzolanaren deitzaileek azpimarratu dutenez, “sasoi honetan zuhaitzek hostoak dituzte eta ez dira horren agerikoak zikin, plastiko eta abarrak, baina hor jarraitzen dute adarretan zintzilik, denok dakigun bezala”.

Antolatzaileek eskatu dute ibaian sartzeko oinetako egokiak eramateko.
Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko info@elgoibarkobasobiziak.org helbidera idatzi edo 669 678 003 telefonora deitu daiteke.