1936ko gerrako gudari baten arrastoak aurkitu dituzte Soartegainen

Barren.eus 2016ko urt. 29a, 10:17

Memoria Historikoa berreskuratzen diharduen Elgoibar 1936 taldeak jakinarazi duenez, 1936ko gerrako gudari batenak izan daitezkeen arrastoak aurkitu dituzte Zirardamendi alboan dagoen Soartegainen. 

36ko gerran fusilatu zituzten hiru gudari Beasaindarren arrastoak izan daitezkeenak aurkitu dituztela azaldu du Elgoibar 1936 taldeko Iñaki Odriozolak. Orain dela egun gutxi egin dute aurkikuntza Zirardamenditik gertu baina Etxeberriko lurretan dagoen Soartegainen.

Bi haitzen artean fusilatu zituzten eta han inguruan zebilen Elgoibarko elektrizista batek eraildako hiru lagunen gorpuak ikusi zituen eta sekula ez zitzaion ahaztu ikusitakoa, ez eta ikusi zituen lekua ere. 79 urte beranduago, bi haitz haien artean indusketa lanak egiten hasi dira eta gorpuzkiak topatu dituzte, saihets bat izan daitekeena, hain zuzen ere. Horrez gainera, balaz betetako kargadore bat ere atera dute lurpetik, eta horren alboan zeuden hortzordeak ere bai, urrezko hortz eta guzti. Aurkikuntza horiek egin ostean Aranzadiko adituen esku laga dute indusketa lanen ardura. Lanok amaitutakoan emango dute argibide gehiago.

Lotura duten albisteak: