Brigada feminista, etxera laguntzeko

Barren.eus 2022ko abu. 2a, 10:58

Sanbartolomeetarako brigada feministak antolatuko ditu Narrutsik-ek, eraso sexistak saihestu eta etxera buelta beldurrik gabe egin dezagun. Era berean, indarkeria matxistaren kontrako protokolo bat ere zehaztu dute, erasoei erantzun kolektiboa emateko.

Ainhitze Beristain, Ane Astiazaran eta Nerea Gurrutxaga taldekideek eman dituzte argibideak, talde oso baten izenean.

 • Brigada feministak antolatu dituzue jaietarako. Zerk bultzatuta?
Ainhitze: Beharrak. Bi urteko etenaren ondoren,berriz ere jaiak eta kaleko bizitza elkarrekin gozatzeko aukera izango dugu Elgoibarren ere, eta gogotsu gaude denok, baina ikusi dugu jaiak ospatu dituzten beste herri batzuetan eraso sexistekin lotutako zenbat salaketa izan diren eta antolatu beharra ikusi dugu; batu nahi izan ditugu indarrak autodefentsa feministan.
Nerea: Erasoak gertatu direlako eta gertatzen ari direlako ikusi dugu antolatu beharra. Jakin genuenean beste herri batzuetan izan ziren erasoen harira zenbait udalerritan udaltzainak jartzen ari zirela emakumeei etxera laguntzeko-eta, iruditu zitzaigun autodefentsaren aldeko apustua indartu behar genuela. Ikusten genuen Poliziaren beharrik ez genuela; bageneuzkala emakumeok erremintak elkar babesteko, gure artean antolatuz gero. Horregatik egin genuen deia herrian brigada feministetan parte hartzeko.
Ainhitze: Bai, hori da. Era berean, iruditzen zitzaigun brigada feministek eman zezaketela bidea talde feministara jende berria erakartzeko ere, eta ikusi da ez genbiltzala oker.

 • Protokoloa aipatu duzu. Badira urte batzuk estreinakoa aurkeztu zenutenetik. Egin daigun errepaso bat.
Ainhitze: Bai, 2017ko sanbartolomeetan aurkeztu genuen estreinako protokoloa, Narrutsik sortu genuen urtean. Emakume askok parte hartu zuten lanketan eta sekulako harrera izan zuen. Aurkezpena ere publikoa izan zen, gune askeko oholtzan aurkeztu genuelako, nahi genuelako jai-eremu horretan biltzen ginen guztiok geure sentitzea. Geroztik, protokolo hori beharren arabera fintzen joan gara, eta kontzientzietan eragiten. Bestetik, erabaki genuen emakumeen egun bat ere behar genuela sanbartolomeetan eta adostu genuen abuztuaren 24a Bartola Eguna izendatzea. Aurten, egitarau beteagoa antolatu dugu Bartola Egunerako: herri-bazkaria, bingo musikatua, trikitipoteoa eta kontzertu bat antolatu ditugu. Emakumeak igoko ditugu oholtzara ere, Eibarko Hemen taldea ekarriko dugulako.
Nerea: Bai, bi gauza dira, protokoloa eta Bartola Eguna, baina protokoloaren harira zehaztu nahi nuke azken urteotan ikusi dugula eraso homofoboak eta transfoboak asko ari direla ugaritzen eta horregatik indarkeria matxistaren kontra sortutako protokoloa ere moldatu dugula, errealitate hori barnebiltzeko.
Ane: Gune askea da gurea eta garbi laga nahi dugu kolektibo zapalduen kontra egiten duen pertsonak ez daukala lekurik gure jai-eremuan. Jaietako lehenengo egunean, abuztuaren 23ko gauean, aurkeztuko dugu protokoloa, oholtzan, kontzertuak hasi aurretxoan. Argi lagako dugu non gauden eta gure balioak zeintzuk diren.

 • Jaien testuinguruan ugaritu egiten dira indarkeria matxistaren aurka eta harreman parekideak bermatzeko egiten diren kanpaina komunikatiboak. Zein da zuen mezua? Zeri erantzuten dio zuen protokoloak?
Ane: Emakumeei gozamenerako espazioak eskaintzea eta erasoen aurrean emakumea subjektu aktibo moduan agertzea. Protokoloaren bi alderdiak, berriz, erasoa jasan duen pertsonari babesa agertzea eta erasotzailea jai-eremutik kanporatzea dira. Elkargune more bat jarriko dugu txosnagunean. Horrez gain, Narrutsikook eskumuturreko more bat jantziko dugu laguntza behar duenak argi izan dezan norengana jo eta Gazte Mugimenduko txosnan pertsona bat izendatuko dugu gurekin zubi-lana egiteko. Txosnetan txanda egingo duten talde edo kuadrilla guztiei azaldu zaie zein izango den gure lan egiteko modua, eta denei esan zaie txosnako arduradun horrek beteko duela zubilana erasoa jasan duenaren eta gure artean. Gazte Mugimenduko txosnan ardura hori beteko duen pertsona emakumea izango da, ahal dugun neurrian. Txandak egingo dituzten denek dute beraz protokoloaren berri eta denek dakite lehenengo lana erasoa jasan duen emakumea babestea izango dela. Leku seguru bat eskainiko diogu biktimari, erabaki dezan zer egin nahi duen, eta laguntzeko izango gaitu gu ondoan. Behin hori bideratuta dugunean, alarmak joko du txosnagunean, musika kenduko dugu, zerbitzeari lagako diogu, igoko gara oholtzara eta zabalduko dugu eraso bat gertatu dela, eta kanporatuko dugu erasotzailea txosnagunetik. Ez dugu guztiz zehaztuta hori nola egingo dugun, baina uste dugu, gu, emakumeak, izan behar garela erasotzailea kanporatuko dugunak, baldin eta txosnagunetik irteteko aginduari entzungor egiten diola ikusten badugu. Espero dugu puntu horretaraino ez iristea eta erasoa egin duenak onartzea gune askean lekurik ez duela, baina bestela, batu eta bota egingo dugu.
Nerea: Zehaztu nahi nuke gure protokoloa gune askerako sortua dela, baina gure jai-eremutik kanpora erasoren bat jasaten duenari laguntzeko ere bagaudela eta ez dugula erasotzailerik onartuko txosnagunean.

 • Erasotua babestea izango da lehenengo pausoa. Gurearen ezaugarritako herrietan zailagoa izaten da hori askotan: aise zabaltzen dira erasotuaren izen-abizenak, zein motatako erasoa izan den jakin nahi izaten dute askok eta erasotzailea sarri gertukoa izaten denez, izaten da hura babesteko joera halako bat ere. Nola egin asmo diozue aurre horri?
Nerea: Txanda egingo dutenei esan dieguna da eurek ez dutela esku hartu behar horretan. Norbait erasoren bat gertatu dela esanez joaten bazaie,pertsona hori gurekin harremanetan jartzea izango da haien lana. Zubi-lan hori egitea, alegia. Guk eramango dugu pertsona hori babesleku batera, eta behin seguru sentitzen denean, jarriko dugu martxan protokoloa. Biktimaren ondoan egongo gara eta errespetatuko dugu haren nahia. Ez dugu behartuko ezertara. Entzungo diogu, aurkeztuko dizkiogu dauzkan aukerak eta hartzen duen erabakian lagunduko diogu.