Bi trailer material errefuxiatuei laguntzeko

Barren.eus 2016ko urt. 26a, 13:35

2-dean B-rotuz taldeko kideak erabat eskertuta daude herritarren erantzunarekin. Gerretatik ihesi dabiltzan errefuxiatuentzako neguko materiala jasotzeko deialdi espontaneoa egin ondoren, erantzuna berehalakoa eta demasekoa izan da: bi trailer beteko dituzte. Eta hori, baliabide faltagatik, bilketa aurreikusitakoa baino lehen amaitu behar izan dutela. 

25 denda eta tabernatan itsulapikoak jarri zituzten garraio gastuei aurre egiteko, baina logistika espero baino errazagoa izango da taldearentzat, BESAk (Bernardo Ecenarro) Azkoitiko pabilioia lagakoko baitio material guztia ganoraz sailkatu eta antolatzeko. Era berean, Elgoibarren sortutako enpresa horrek bere gain hartuko ditu garraio gastu guztiak.

Itsulapikoak oraindik zabaldu ez badituzte ere, jasotako dirua errefuxiatuen beharretara bideratuko dutela aurreratu dute. Datozen egunotan argituko dute bildutako diru kopurua eta nora bideratuko duten.

Guztira 59 boluntariok parte hartu dute errefuxiatuentzako material bilketan, nahiz eta jende gehiagok ere bere burua eskaini. Elkartasuna Elgoibartik eta Mendarotik ez eze, Euskal Herri guztitik etorri da.

Taldeak oraindik balantzea egin ez badu ere, herritarren erantzuna txalotu du Laura Daquinta taldekideak. “Jendearen laguntzeko asmoa ikaragarria da. Kaleko jendeak beste mundu bat nahi dugu, baina politikariak beste nonbait bizi dira. Ikusiko dituzte mugimendu hauek”, adierazi du. “Ikaragarria izan da”, gaineratu du. Udalaren erantzuna ere ona izan dela gaineratu du. (2-dean B-rotuz Facebook sare sozialean)

Lotura duten albisteak: 

2016 01 26 bideanberotuz1

2016 01 26 bidean berotuz bilketa

2016 01 26 bidean berotuz kaxak