80 urtetik gorakoentzako bazkaria urriaren 6an egingo dute aurten eta izena emateko epea zabalik dago

Barren.eus 2022ko eka. 30a, 09:57

Jubilatuen Biltokiak jakitera eman duenez, aurten urriaren 6an egingo dute 80 urtetik gorakoen eta urrezko ezteiak ospatzen dituzten bikoteen bazkariak, eta behar bezala antolatu ahal izateko aurrez izena emateko eskatu dute.

Ekimen hau Jubilatuen Astearen barruan egin ohi izan dute orain arte azaro amaiera aldera, baina urrian eguna luzeagoa denez eta tenperatura aldetik egun epelagoak izan ohi direnez, data aurreratzea erabaki dute. Izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko, eta jubilatuen biltokiko bulegoan egin daiteke, astelehenetan edo ostiraletan, 11:00etatik 12:00etara. Urrezko ezteiak betetzen dituztenen izenematea egiteko Familia Liburua eraman beharko da. Irailaren 19an itxiko dute izena emateko epea, baina antolatzaileek eskatu dute lehenbailehen emateko izena.

Jubilatuen Astea urtero bezala ospatuko dute azaro amaieran, eta horren barruan egingo dituzte txokolatada, gabonetako saskien zozketa eta kina, besteak beste. Jarduera horiek Elgoibarko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota daudela zehaztu dute.