Elgoibarko Baso Biziak taldea sortu dute hainbat herritarrek, bertako basoa sustatzeko asmoz

Barren.eus 2022ko eka. 24a, 09:21

Naturaz eta gure basoek azkenaldian duten egoera "tamalgarriaz" kezkatuta, herriko lagun talde batek Elgoibarko Baso Biziak elkartea sortu du. Elkarte honen helburua Elgoibarren bertako basoa sustatzea da, landare eta animaliei babeslekua eskainiz eta errekak osasuntsu mantenduz, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta inguru bizigarriagoa eraikitzeko.

Horretarako beraien lan-sistema ere zehaztu dute, eta euren asmoa da jabeek utzitako sailetan edo formula desberdinen bidez erositako lursailetan (bazkide kuotarekin, enpresen laguntzarekin eta entitate desberdinen arteko elkarlanarekin), bertako basoa berreskuratzea eta zaintzea. "Klima-aldaketa guztion ahotan dago, baina gutxik hartzen dituzte hau geldiarazten saiatzeko neurriak", adierazi dute elkartetik. Egoera horren aurrean, lagun talde honek hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki du, sinistuta daudelako bertako basoak mesede handia egiten diola naturari eta herritarren bizi-kalitateari.

Baso Biziak Elkarteak dekalogo moduko bat sortu du, bertako espezieen aldeko arrazoiak azaltzeko.

  1. Oxigenoa sortzen dute.
  2. Klima aldaketaren arrazoi nagusia den karbono dioxidoa atzematen dute.
  3. Lurraren geruza aberatsaren arrastrea saihesten dute, euriak eragiten duen higadura murriztuz.
  4. Hostoekin kutsatzaileen partikula finak harrapatzen dituzte.
  5. Trafikoaren eta, oro har, giza jardueraren zarata moteltzen dute.
  6. Lur-irristatzea murrizten dute sustraien adarrei esker lurzorua egonkortuz.
  7. Ura xurgatu eta transpirazioaren bidez lehengora bueltatzen dute, airean dagoen hezetasunaren oreka mantenduz.
  8. Espezie-bizidun askori babesa eta janaria ematen diote, biodibertsitatea sustatuz.
  9. Pertsonen aldartea eta osasuna hobetzen dute, odoleko kortisol-maila murriztuz eta estresari aurre eginez.
  10. Gure ingurunea edertzen dute.

Elgoibarko Baso Biziak taldeak ateak zabalik ditu nahi duenarentzat, eta aurreratu dute udazkenean bazkide-kanpaina bat abiatuko dutela, jendea taldera batzeko. Bien bitartean ondorengo kanal hauetan zabalduko dute informazioa:

2022 06 24 baso biziak taldea elgoibar b1