Osasun Batzordetik ez dietela erantzun salatu du 24/7 Plataformak

Barren.eus 2022ko eka. 2a, 11:49

Legebiltzarrean sinadurak aurkeztu eta gero, Osasun Batzordean agertzeko eskaera egin zuten 24/7 Plataformakoek, baina,  erantzunik ez dutela jaso salatu dute.

Martxoaren 23an, Elgoibarren bildutako 5.501 sinadura aurkeztu zituen Legebiltzarrean 24/7 Plataformak, Elgoibarko anbulatorioan larrialdi zerbitzua eta 24 orduko etengabeko arreta berreskuratzeko eskatzeko. Sinadurak erregistratzearekin batera, plataformak Legebiltzarreko Osasun Batzordean agertzeko eskaera egin zuen. Bi hilabete baino gehiago igaro dira ordutik, baina, eta erantzunik ez dutela jaso salatu dute.

Normalena dagoeneko agerraldi hori eginda egotea litzatekeela esan dute horren harira eta beldur direla "Legebiltzarrean eta batzordean gehiengoa dutenak ideien eztabaida saihesten" ari ote diren. Esan dute herritar asko ari zaizkiela gerturatzen sinadurekin zer gertatu den galdezka, baina nabarmendu dute erantzunik ez dutela eurek. Hala ere, azpimarratu dute borrokan jarraituko dutela 5.501 herritarrek adierazitako borondatea errespeta dadin.

Lotura duten albisteak: