Neguan errefuxiatuei bidaltzeko material bilketa hasiko da

Barren.eus 2016ko urt. 18a, 13:12

Hotz-Elgoibar taldea sortu berri da gerretatik ihesi ari diren errefuxiatuei laguntzeko asmoz. “Ihesi dabiltzan errefuxiatuen krisiaren aurrean, ezin dugu beste aldera begiratu”, uste dute taldea eratu dutenek. “Honelako egoera baten aurrean gizatasunez jokatzeko beharra sentitzen dugu eta hainbat ekintza egiteko antolamenduetan murgilduta gabiltza”, gaineratu dute.

Dagoeneko abian dago taldearen lehen kanpaina, Berotasuna Elgoibartik izenekoa. Batez ere, errefuxiatuek neguari aurre egiteko materiala biltzen hasiko dira bihar, martitzena. Gero, Europa Ekialdeko errefuxiatu kanpamentuetara bidaliko dute batutako materiala. Horretarako boluntarioak behar dituzte eta animatzeko deia egiten ari dira sare sozialen bidez.

Berotasuna Elgoibartik kanpainak honako material hau jasotzen dihardu:

  • Lo zakuak
  • Mantak
  • Kanping dendak
  • Negu-neguko arropak
  • Negu-neguko oinetakoak
  • Toailak
  • Euritako pontxoak eta zirak
  • Guardasolak
  • Haur txikiak garraiatzeko motxilak. 

Oinetakoei dagokienez, erosoak izan daitezela nabarmendu dute antolatzaileek (botak eta treckingeko zapatilak); gizonezkoentzako taila guztiak behar dira eta emakumezkoentzako 36-39 tailak batez ere.

Antolatzaileek espresuki eskatu dute goiko zerrenda ondo begiratzeko eta hortik kanpoko beste ezer ez eramateko.

Bilketa Aita Agirre plazako Gurutze Gorriaren lokalean egingo dute. Goizez 11:00etatik 13:00etara batzen ari dira materiala, eta arratsaldez, 16:30etatik 19:30etara. Zapatuan goizez baino ez dira ariko eta domekan ez da bilketarik izango. Bilketa urtarrilaren 19an hasi eta urtarrilaren 25ean amaituko da.

Horrez gain, kanpainarekin bat egiten duten denda eta tabernetan itsulapikoak jartzeko deia ere egin dute. 

2016 01 18 hotz elgoibar txe