Andrea Osoro: “Bizi-kalitatea emango digun gorputza onartzen ikasi behar dugu”

Barren.eus 2022ko mai. 13a, 13:12

Andrea Osorok (Elgoibar, 1992) bere azalean bizi izan zuen gordofobia, hau da, loditzeko beldurra. Gorputz perfektuaren bila, kulturismora iritsi zen, eta Espainiako txapelketan parte hartu zuen. Txapelketa irabaztea zuen helburu, baina bigarren egin zuen. "Sekulako porrota" izan zen hori berarentzat, eta orduan konturatu zen gorputz perfektua bilatze hori obsesio bilakatu zitzaiola.

 Ordurako psikologia ikasten ari zen, eta horrek lagundu zion begiak zabaltzen. Kirola egiten jarraitzen du, baina kulturismoa laga egin zuen. Gaur egun psikologoa da, elikadura eta nortasun nahasmenduan eta lodifobian aditua, eta horri buruzko saioak ematen ditu. Sevillan bizi da, baina duela bi aste Elgoibarren izan zen lodifobiari buruzko saio bat ematen.

 • Elgoibartik Sevillara. Nola iritsi zinen hara?
Arrazoi pertsonalak tarteko, psikologoarengana joaten hasi nintzen, eta argi ikusi nuen hura zela nik egin nahi nuena. Donostian hasi nituen ikasketak, eta azken urtea Sevillan egin nuen. Bertan aurkitu nuen lana, eta masterrak ere han egin nituen. Momentuz gustura nago Sevillan, baina egunen batean itzuliko naiz Elgoibarrera.

 • Elikadura nahasmenduan eta antsietatean espezializatua zara, eta lodifobiari buruzko saioak ematen dituzu. Zer da lodifobia?
Bi modutara ulertzen da lodifobia: kanporako lodifobia da lodi daudenak ez onartzea, eta aldiz, barrurako lodifobia da norberak loditzeari beldurra izatea. Azkenean lotuta daude, lodiak baztertzen dituenak ez duelako lodi egon nahi. Askotan lodi egon direnak dira lodifobia gehien pairatzen dutenak. Bizitzako uneren batean lodi egon dira eta ez dute berriz horretara iritsi nahi. Egunerokoan oso presente dago lodifobia, eta gizartean eragin handia dauka. Askotan etxetik ikasten ditugu jokabide lodifobikoak: etxe askotan ama beti egoten da dietan, umeek ikusten dute ama beste jateko batzuk jaten, ez duela loditu nahi eta bere gorputzarekiko ardura handia duela. Hori ez da ona umeentzat, azken batean, ikusten dutena ikasten dutelako. Sare sozialek, telebistak eta Internetek ere eragin handia dute. Oso zabalduta dago lodifobia.

 • Nola lantzen duzu lodifobia zure pazienteekin?
Saiatzen naiz nire pazienteen beste ikuspegi bat lantzen. Azken batean, norberaren gorputza ez onartzeak esan nahi du ez duzula zure burua onartzen. Errazena, nolabait esateko, gorputza kontrolatzea da, dieta egin eta kiloak kentzea. Askok uste dute argalduta hobeto sentituko direla, baina normalean arazoa beste bat izaten da eta argaldu arren, ez da konpontzen. Lodifobia horren atzean zer dagoen aztertu behar da. Batzuetan nutrizionista edo psikiatrekin elkarlanean aritzen gara, paziente batzuk nutrizio nahasmendu larriekin etortzen zaizkigulako. Bulimia, anorexia edo tripakada hartzea izaten dira nahasmendu ohikoenak. Tripakada hartzearen nahasmendua jende askok dauka; hau da, antsietate egoeran gehiegi jatea da hori eta jende askok egiten du, jateak momentuan plazera ematen duelako. Filmeetan ere sarritan ikusten dugu mutil-lagunak utzi duen neska izozkia jaten. Horrelakoak askok egiten ditugu, eta aztertu behar dena da zer gertatzen ari zaion pertsona bati tripakada hartzeko.

 • Zein adinetan hasten dira horrelako nahasmenduak?
Nerabezaroan hasten dira normalean, 13-15 urte bitartean, baita lehenago ere. Nik, baina, adinez nagusiak direnekin bakarrik lan egiten dut. Adin txikikoekin lan egitean bere familiakoekin ere egin behar da lanketa, eta hori ez dut egiten. 18-24 bitartekoak dira nire paziente gehienak, eta emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago. Estatistiken arabera, elikagai nahasmenduak dituztenen hamarretik bederatzi emakumezkoak dira. Horrez gain, emakumeok errazago hitz egiten dugu honi buruz; gizonezkoetan oraindik gai hau ezkutukoa da. Anorexia eta bulimia gehiago diagnostikatzen zaizkie emakumeei, baina tripakadaren nahasmendua gizonezkoetan ematen da gehiago, nahiz eta isilean gorde.

 • Etxean, nola landu daiteke lodifobia umeekin?
Umeei ez zaie transmititu behar gorputzarekiko kezkarik. Berez ere, gizarteak irakatsiko die hori; beraz, etxean hori sahiestu behar da. Denetik jan behar dela erakutsi behar zaie, eta mota askotariko gorputzak daudela eta denak onartu eta errespetatu behar direla. Telebistan edo Interneten ikusten ditugun gorputzak ez datoz bat errealitateko gorputzekin, eta hori argi erakutsi behar diegu umeei txikitatik. Gorputz argal bat ere askotan ez da osasuntsua, eta horrelako argal daudenak ere askotan ez daude gustura.

 

2022 05 13 andrea osoro hitzaldi lila elgoibar udala

2022 05 13 andrea osoro hitzaldia lilan