Gerratik ihesi Mendarora, baina Ukrainan dute gogoa

Barren.eus 2022ko mai. 6a, 13:05

Otsailaren 24an operazio militarra hasi zuen Errusiak Donbass eskualdean, Ukraina ekialdean, eta gerra legea ezarri zuen Kieveko gobernuak. Jugoslaviako gerrez geroztik Europan izan den eraso militar handiena izan da -izaten ari da-, eta gerra guzti haiek 1990ko hamarkadan eragin zuten beste errefuxiatu eragin ditu dagoeneko: lau bat milioi, Nazio Batuen Erakundearen arabera. Gerratik ihesi irten diren horietako batzuk Euskal Herrira ere iritsi dira.

Txernobil ingurukoak dira hona etorri diren gehienak, elkartasun programen barruan udak Euskal Herriko familietan igarotzen dituzten haurrak eta haien etxekoak. Horixe da Anna Koval (2010) eta Inna Ilnytskaren kasua (1991). Ama eta bi neba-arrebekin batera iritsi da Mendarora Anna, eta amarekin etorri da Inna. Bizitza berri bat hasi dute hemen eta esker berbak baino ez dituzte harrera-familientzako, baina haien gogoa Ukrainan dago. Badira itzultzen hasi direnak ere.

Eskuko telefonoa dena da gerran dena lagata datorrenarentzat. Etxekoei lotuta mantentzeko erreminta dute, eta ezinbestekoa zaie askori Euskal Herrian bizitza berri bati ekiteko ere, itzultzailea behar dutelako uneoro. Hala dabiltza egunotan Mendarora iritsi diren ukrainarrak eta haien harrera-familiak, eskuko telefonoari itsatsita. Itzultzaile automatikoari nola berba egin ere ikasi dute. Gaur, baina, Yulia Prokopenko (Cherkasy, Ukraina) lagunari eskatu diogu mesedea. Prokopenko Mendaron bizi da, baina berak ere Ukrainan ditu gurasoak eta loa galduta dabil aspaldian. Eskertu diogu ahalegina. Elkarrizketa hasi orduko aipatu dute aspaldian zebilela Ukrainan Errusiak operazio militar handia hasi zezakeelako zurrumurrua, baina hala ere, ezustean harrapatu zituela. “Nork pentsatuko luke halakorik XXI.mendean?”, bota du Nina Ilnytskak

Ukrainazaleen eta errusiazaleen arteko eztabaida ez da berria, eta Donbassko gatazka ere ez. Baina azkenaldiko gertaerek are gehiago gaiztotua zuten giroa. Oilar jokoa hasia zuten Errusiak eta Mendebaldeak, Estatu Batuak buru. Errusiako tropak Ukrainako mugan mugitzen hasita zeudela ikusita, baziren hilabete batzuk AEBek Errusiari abisua eman ziotela: Ukraina inbadituz gero, zigor ekonomiko gogorrak ezarriko zizkiola mehatxu egin zioten Errusiari. Tentsioa handituz zihoan egunetik egunera, eta atzerriko tropak, armak eta ekipamendua 1997an NATOko kide ez ziren herrialdeetatik erretiratzeko eskatua zien Errusiak AEBei. Baina, kontrara, hegazkin eta itsasontzi gehiago bidali zituen NATOk Europa ekialdera. Diplomazia lanetan saiatu ziren zenbait herrialdetako gobernuburuak, baina otsailaren 11n, Errusiaren erasoaldia egun gutxiren buruan hasi zitekeela ohartarazi zuten AEBek eta zenbait herrialdek Ukrainatik irteteko eskatu zieten beren herritarrei. “Otsailaren 16an gerra hasiko zela sinetsi genuen, baina ez zen hasi, eta lasaitu ginen denok”, zehaztu du Oksana Kovalek (Stanyshivka, Ukraina,1991). Indarkeriak ez zuen, hala ere, etenik Donbassen, eta giro horretan, otsailaren 21ean, Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliken independentzia aitortu zuen Errusiak, Mendebaldeko potentzien babes barik. Hiru egun geroago, operazio militarra agindu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak.

“Gerrak ezustean harrapatu zituen ukraniar asko. Inork ez zuen sinetsi nahi gerta zitekeela”, esan du Anna Makalishek, gerratik ihesi Zarautzera iritsi den 28 urteko emakumeak [3 urteko semearekin eta koinatarekin etorri da, 6 urte zituenetik 18 urte egin bitartean udaro hartu duen familiaren etxera]. Gurasoenean zegoen albistea iritsi zitzaienean. “Goizaldeko laurak eta laurdenean deitu zigun lagun militar batek gerra hasi zela esanez, eta ia aldi berean mutil-lagunak [suhiltzailea da] deitu zion ahizpari kontu berarekin. Aita ez beste guztiok etxean geunden”. Aitak Txernobilgo zentraleko mantentze lanak egiten dituen enpresa batentzat egiten du lan eta lanean ari zen, baina hari ere etxeratzeko agindu zioten. Ondorengoak “kaos orduak” izan zirela oroitzen du Makalishek.

Dokumentazio guztia bildu zuten ihes egin beharra balego ere, baina mehatxua ate joka izanda ere, zaila da norbere etxea lagatzea. “Goiz erdira Zarauzko familiarekin jarri nintzen harremanetan. Ordurako hegazkin hotsak hasiak ziren Ivankiven, eta bonbardaketak ere entzuten genituen aparterago. Gure etxe ondoko bidean [Txernobildik Kievera doan errepide nagusian] gero eta ibilgailu militar gehiago ikusten hasi ginen. Geureak ziren, mugara bidean [50 kilometrora dute Bielorrusia]. Senarrak ihes egiteko ordua zela esan zidan. 15:00ak aldera ziren”. Gizonak berak eraman zituen Poloniarako mugaraino emaztea, 3 urteko semea eta arreba, erreserbista izateko izena eman aurretxoan. Bi eguneko bidaia izan zen, “amesgaizto bat, arriskutsua zelako oso eta ez nekielako berriro etxera itzultzerik izango ote nuen noizbait, baina nirea ezer gutxi izan zen etxean gelditu zirenek pasatu zutenarekin alderatuta”. Annak zain zuen familia bat Euskal Herrian. Haren amak eta ahizpak, ordea, ez zuten etorri nahi izan gizonak han lagata [18 eta 60 urte arteko gizonezkoei herrialdetik irtetea galarazi zien Gobernuak].

 

2022 05 06 ukrainarrak Mendaron errep BARREN aldizkaria mendaroarrekin

2022 05 06 ukrainarrak Mendaron errep BARREN aldizkaria zumaian

2022 05 06 ukrainarrak Mendaron errep BARREN aldizkaria 2

2022 05 06 ukrainarrak Mendaron errep BARREN aldizkaria oksana koval familiagaz

2022 05 06 ukrainarrak Mendaron errep BARREN aldizkaria nina inna Ilnytska

2022 05 06 ukrainarrak Mendaron errep BARREN aldizkaria umeak

2022 05 06 ukrainarrak Mendaron errep BARREN aldizkaria kovaldarra

2022 05 06 ukrainarrak Mendaron errep BARREN aldizkaria besarkada esti