Pilar ikastetxeko orubea Aldundiari laga dio Elgoibarko Udalak, Errezabal egoitza eraikitzeko

Barren.eus 2022ko mai. 5a, 13:48

Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku laga du Elgoibarko Udalak Pilarreko orubea, Errezabal izena edukiko duen egoitza berria eraiki dezan.

Hala onartu zuten eguaztenean Udalbatzaren osoko bilkuran, EAJ-PNVren (8 boto) eta PSE-EEren (1) eta EH Bilduren (7) aldeko botoekin. Elkarrekin Podemos (boto 1) abstenitu egin da.

Pilarreko Egoitza berriak Errezabal izena izango du, Pilar ikastetxeko guraso elkartearen omenez, zeinak, aldi berean, bertan zegoen baserriaren izena hartu zuen. Udaletik jakinarazi dutenez, 110 eta 130 plaza artean izango ditu Errezabal egoitzak eta eguneko zentro bat ere izango du, 30 eta 40 plazakoa. Esana zuten moduan, lurpeko aparkalekua ere eraikiko dute, 70 eta 150 ibilgailurentzako tokiarekin. Aparkalekuari dagozkion obrak Elgoibarko Udalak gauzatuko ditu. Ustiapena ere udalaren eskumen esklusibokoa izango da. Era berean, Urazandi auzorako oinezkoentzako bigarren ibilbide irisgarria izango den igogailu publiko bat eraikitzeko asmoa ere aurreratu dute.
Orubearen lagapena bi erakundeek sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan ulertu behar da. Lagapena egin aurretik, partzelaren kalifikazio juridikoa aldatzea onartu zuten. Finkaren azalera osoa 7.500 metro koadrokoa da, eta eraikin berria eraikiko duten zatiak 4.250 metro koadroko azalera du. Zati hori da, hain zuzen ere, Udalak Foru Aldundiari laga diona.
 • Lizitazioa eta obraren bukaera
Errezabal egoitza berriaren obra eta kudeaketa 2022ko bigarren seihilekoan lizitatuko dutela jakinarazi dute Udaletik eta 21 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango duela. Instalazio berria 2023 bukaerarako zabaltzea aurreikusten dute.
 • Egoitzaren ezaugarriak
Egoitza berriak 10.500 metro koadroko azalera izango du, gutxi gorabehera. Ekipamendu berri hori 12-18 pertsonako bizikidetza-unitate txikiz osatuta egongo da, gehienak banako logelak izango dira (logelen % 75 gutxienez), eta komunitatera irekita egongo da, inguruan izango dituen berdeguneekin, egonleku zabalekin, jantokiekin eta kafetegiarekin, eguneko zentro batekin (40 plaza) eta unitate psikogeriatriko batekin (12-15 plaza izango ditu).

Ane Beitia Elgoibarko alkateak adierazi duenez, Aldundiarekin lankidetza estuan ari dira lanean, "Errezabal Egoitza legegintzaldiko proiekturik garrantzitsuenetako bat delako Elgoibarko Udalarentzat". Proiektu konplexua eta oso delikatua dela nabarmendu du Beitiak, "asmo handiko proiektua da, lankidetzazkoa, adinekoak eta mendekoak zaintzeko, hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik abiatuta. Eragin zuzena izango du elgoibartarrengan, eta herritarrei zainketa-zerbitzu aurreratua eta kalitatezkoa eskainiko die hurbilen duten eremuan. Apustu estrategiko partekatua, tokiko eta Gipuzkoako herritarren bizitza hobea, errazagoa eta seguruagoa izan dadin”.

2022 05 05 elgoibar pilar orubea LP BARREN

∞Lotura duten albisteak: