Karakaten ipini nahi duten zentral eolikoaren kontrako protesta-martxa antolatu dute maiatzaren 8rako

Barren.eus 2022ko mai. 3a, 12:06

Elgoibarko eta Soraluzeko Karakate Bizirik plataformak antolatuta, Karakatera mendi martxa egingo dute domekan (maiatzak 8), mendigainean ipini nahi duten zentral eolikoaren proiektuaren kontra protesta egiteko.

Karakaten ipini nahi dituzten eolikoen aurkako aldarria mendigaineraino eraman nahi duen mendi martxa Kalegoen plazatik irtengo da Elgoibarren. Umeekin igo nahi dutenentzako martxa 10:00etan abiatuko da, eta gainerakoentzakoa 10:30ean. Soraluzetik abiatuko den martxak ere irteerako bi ordu izango ditu: 9:30ean (Plaza Berrian) eta 10:30ean (San Andresen). Antolatzaileen asmoa da 12:00etan danak batzea Karakate gaineko aparkalekuan. Indarrak berreskuratze aldera, txorizo-pintxoak, gazta eta salda emango dituzte gailurrean.

2022 05 02 karakate bizirik protesta martxa kartela

 • Hitzaldiak
Domekako mendi martxaz gain, Elgoibarren zein Soraluzen hitzaldi bana antolatu dituzte bertako Karakate Bizirik plataformek, gaia jendarteratu, informazioa zabaldu eta gogoeta egiteko helburuarekin. Elgoibarren bihar, eguaztena, izango da, 19:00etan, Kultura Etxeko hitzaldi gelan. Soraluzen, berriz, maiatzaren 11n izango da, 19:00etan Antzokian. Zein dira horrelako zentral eolikoek sortzen dituzten arazoak? Badago ordezko alternatibarik? galderari erantzungo diote. Goiener Kooperatibako eta Arabako Mendiak Aske eta Araba Bizirik taldeko kideak izango dira hizlari.

Elgoibarren hizlari izango dira Goienerreko Oier Etxeberria eta Arabako Mendiak Askeko Iñigo Lezea. Soraluzen, berriz, hizlari izango da Goienerreko Oier Etxeberria eta Araba Bizirik taldeko Valen Urteaga.

∞Lotura duten albisteak: