Zapatu goizera arte batuko dituzte Greziako errefuxiatuei laguntzeko Pedrosillano garbantzuak

Barren.eus 2022ko api. 28a, 10:34

Asteon Debabarreneko sei herritan ari dira elikagaiak batzen, Grezian sukaldatu eta hango errefuxiatuei emateko. Elgoibarri Pedrosillano motako garbantzuak biltzea egokitu zaio, eta zapatu goizera arte batuko dituzte. Kanpaina ixteko 'Tuper solidarioa' ekitaldia egingo dute zapatuan Eibarren.

Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak sustatuta, Lesboseko errefuxiatuentzako janari bilketa solidarioa egiten ari dira egunotan Debabarreneko sei herritan. Elkarteko boluntarioek, egunero, 1.200-1.800 arrazio banatzen dizkiete Grezian errefuxiatuta kale gorrian dauden migranteei, 05:00etan hasi eta 17:00ak bitartean lan eginez.

Elgoibarren Pedrosillano garbantzuak batzen dihardute Merkatu plazan, eta baita ikastetxeetan ipini dituzten produktak batzeko guneetan ere. Zapatu goizera arte egongo da garbantzuok emateko aukera Merkatu plazan. Goizez, 10:0etatik 13:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara jasoko dituzte elikagaiak. Merkatu plazan duten gunean amantalak eta koadernoak (4 euroan) ere saltzen dituzte.

 • Tuper Solidarioa, kanpaina ixteko
Zaporeak elkartearen erronka solidarioa ixteko ekitaldia hartuko du zapatuan, hilaren 30ean, Eibarko Errebal Plazak. “Tuper solidarioa” izeneko ekimena egingo dute. Dilistak bakailaoarekin eta arroza oilasko lumagorriarekin sartuko dituzte tupperrean eta fruta pieza bat ere salduko dituzte 5 euroan.  Eguna girotzeko antolatu duten egitarauaren berri ere eman dute. Jarraian irakur dezakezue zapaturako prestatu duten egitaraua:

– Sukaldariek arroza Lumagorrirekin eta dilistak bakailaoarekin prestatuko dute.
– 12:15 Kaleetan Kantuz abesbatzaren emanaldia.
– 13:00 Rafa Gorrotxategiren eskutik, txokolatearen historian zehar ibilaldia. 9 txokolate ezberdinen dastaketa (aforoa bete arte).
– 14:00 Maite Lorenzoren errezitaldia: “Alepo”.
– Trio Medianoche.
– 14:00etatik 15:00etara, tuper solidarioak banatzea (5 euro). Tuperraren erdiak lentejak bakailaoarekin izango du, beste erdiak arroza Lumagorrirekin eta, gainera, fruta pieza batekin batera salduko dituzte tuperrak.
– Goizean zehar, rifak saltzen egongo dira Untzagan, Zaporeak-en arropak saltzeko ipiniko duten dendan, eta Errebal Plazan. Zozketa Errebalgo ekitaldiaren amaieran egingo dute, bertan.

Era berean, kontu korronte bat ere jarri dute herritarren eskura, nahi duenak diru ekarpenak egin ditzan: ES53 2100 2724 81 0100663988

2022 04 28 zaporeak bilketa garbantzuak merkatu plaza elgoibar mantala

∞Lotura duten albisteak: