Zaintza lanetan eta etxez etxe lan egiten duten beharginentzako aholkularitza zerbitzua emango dute Lilan

Barren.eus 2022ko api. 26a, 14:34

Elgoibarko Udalak zaintza lanetan eta etxez etxe lan egiten duten herritarrentzako aholkularitza zerbitzua jarriko du martxan Lila Emakumeen Etxean.

Udaletik jakitera eman dutenez, zerbitzu berri honen helburua da kolektibo honi lan baldintzen, prestakuntzaren eta beste hainbat gaien inguruko aholkularitza ematea, "haien egoera hobetzeko".

Elgoibarko alkate Ane Beitiak azaldu duenez, Elgoibarko herritar guztien lan baldintza egokiak eta ongizatea bermatzeko, "isilduta eta batez ere emakume migratzailez osatuta dagoen kolektiboari eman nahi diogu laguntza. Izan ere, jakin badakigu ez direla beti errespetatzen gure herrian bizi eta lan egiten dugun guztion lan eskubideak. Zehazki, etxez etxeko eta zaintzako lanetan ari diren langileak egoera zaurgarrian daude askotan, eta langile gisa dituzten eskubide eta betebeharrei buruzko prestakuntza eta informazio gutxi izan ohi dute. Gure senideen zaintza kalitatezkoa izan dadin, zaintzailea zaintzeko moduaz ere arduratu behar dugula sinisten dugu”, esan du Beitiak.
 • Arreta zerbitzua Lilan
Martxan ipiniko duten aholkularitza zerbitzuaren bidez, Elgoibarko Udalak “egoera zaurgarrian dagoen kolektibo hori erdigunean jarri eta euren egoera hobetu” nahi du, babesa eskainiz. Horretarako, zaintza lanetan diharduten herritarrei lan eskubideei buruzko orientazioa emango diete, eta baita prestakuntza-beharretan laguntza ere. Bitartekaritza eta aholkularitza eskainiko diete gizarteratzearen eta laneratzearen arloan, eta laguntza berezia emango diete enplegagarritasun maila txikiagoa eta lan merkatuan sartzeko zailtasun handiagoa duten pertsonei.
Elgoibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin koordinatuta egongo da aholkularitza zerbitzua, hortaz, beharren arabera, zerbitzu desberdinetara bideratu ahal izango dituzte erabiltzaileak.
Lila Emakumeen Etxean emango da arreta zerbitzua, hilabeteko azken astelehenean, 16:00etatik 19:00etara, telefono bidez 688 640 983 zenbakian edo e-postaz elgoibarzaintza@gmail.com helbidean. Aurrez aurreko arretarako ezinbestekoa izango da aurretiko hitzordua izatea.

 • Zerbitzua aurkezteko saio irekia, maiatzaren 2an
Zerbitzua martxan jarri aurretik, zerbitzuaren nondik norakoen eta funtzionamenduaren berri emateko aurkezpen saio bat egingo dute, maiatzaren 2an, 16:00etan Lila Emakumeen Etxean.

Merlín Medin abokatua (goiko irudian udal ordezkariekin) arduratuko da zerbitzu teknikoa emateaz.