Aniztasun funtzionala duten haur eta nerabeentzako ‘Elgoibar mugimenduan’ ekimena abian da

Barren.eus 2022ko api. 13a, 12:48

‘Elgoibar mugimenduan’ ekimenaren barruan, aniztasun funtzionala duten nerabe eta gazteentzako mugimendu eta sormen saioak antolatu dituzte.

BASH taldeak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean sustatu duten egitasmo honek nerabe eta gazteon aukerak talentuen bidez eraldatzea du helburu, horretarako sormen eta mugimendu espazioak sortuz. Azaldu dutenez, joan den otsailean Elgoibarren egin zuten ‘Gipuzkoa Dantzan’ ekimeneko saioan du jatorria ekimen berri honek.

Maiatzaren 8an egingo dute lehen saioa, eta hilean behin egingo dituzte aurrerantzean: igandeetan, 17:30etik 19:30era. Helburua da talde lanean aritzea, eta "bederatzi inteligentzia multiploak landu, pertsona ahaldundu eta batez ere ondo pasatzea". Horretarako, dinamika desberdinak erabiliko dituzte, ondo pasatzeko xedearekin.

  • Izen-ematea zabalik dago: asociacionbash@gmail.com emailera idatziz edota 680 155 746 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena. Doakoak dira saioak.