Igogailu publikoen eta eskailera mekanikoen aurkako erasoak salatu ditu Udalak

Barren.eus 2022ko api. 6a, 14:50

Elgoibarko Udalak salatu du azken asteotan "nabarmen ugaritu" direla igogailu publikoen eta eskailera mekanikoen kontrako erasoak.

Eskailera mekanikoen kasuan, erasoak Artekalen eta Urazandin izan dira. Stop usuario izeneko segurtasun botoiari emanda, eskailerak gelditu izan dituztela salatu dute Udaletik. "Botoiari ematen diote eta eskilarak automatikoki geldiarazten dira erabilgarri egoteari utziz, tekniko-aditu batek berriro martxan jarri arte", azaldu dute udal arduradunek prentsa ohar batean.

Trenbide eta San Rokeko kaleak batzen dituen igogailuan eta anbulatorio aurrekoan, igogailua bera blokeatu arte saltoka ibili direnak ere izan direla gaineratu dute. Horren harira ohartarazi dute Udaltzaingoa eta Ertzaintza ari direla kasu hauen jarraipena egiten eta Udalak erasoon egileak identifikatzeko sistema ezarria duela azpiegitura hauetan, igogailuen kasuan kamerak, eta kalte ordainak eskatzeko bidea hasi duela.
“Guztioi dagokigu elgoibartar guztioi zerbitzua eskaintzen diguten azpiegiturak zaindu, mantendu eta egoki erabiltzea. Honelako ekintzek kostua dute herritar guztientzat, baina ez hori bakarrik, zerbitzu gabe uzten dituzte bizilagun asko eta asko, askotan ezinbestekoak direnean herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko”, esan dute.
Antzerako ekintzaren bat ikusiz gero, Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko ere eskatu dute: 943 74 13 94 (Elgoibarko Udaltzaingoa).

2022 04 06 eskailera mekanikoak erasoak udala elgoibar b1