Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2022 03 31 andrea arregi medikuntza ikaslea elgoibar elk BARRENAndrea Arregik (Elgoibar, 1997) medikuntza ikasketak egin ditu Euskal Herriko Unibertsitatean. Ekainean amaitu zuen gradua, eta ordutik Oviedon egon da, BAME (Barruko Mediku Egoiliar) azterketa prestatzen. 13.000 lagunetik gora aurkeztu dira aurten azterketa horretara, eta Arregik 489. nota onena atera du.

8.000 plaza inguru aterako dituzte espezialitatea aukeratzeko, eta apiril amaieran aukeratu beharko du berea. Eskuekin lan egitea gustatzen zaio, baina oraindik ez dauka argi zertan espezializatu nahi duen. Orain, oporretan dago, denbora libreaz gozatzen.

 • 13.000 lagunetik gora aurkeztu zarete Barruko Mediku Egoiliar azterketara eta 489. notarik onena lortu duzu. Pozik?
Oso pozik. Espainian iaz medikuntzan graduatu ginen gehienok aurkeztu gara azterketara, izan ere, Espainian derrigorrezkoa da espezialitatea edukitzea medikuntzan lan egin ahal izateko. Mediku moduan lan egiteko bai ala bai azterketa hori egin behar da, oposizio moduko bat da azken batean, eta lortzen duzun notaren arabera, espezialitatea aukeratzeko aukera gehiago izaten dira.

 • Nola prestatu duzu azterketa?
Ekainean bukatu nuen medikuntzako seigarren maila, eta urtarrilera arte egon naiz azterketa prestatzen. Espainian hiru akademia daude azterketa prestatzen laguntzen dutenak, eta ni Oviedokoan egon naiz. Unibertsitateko lagunekin egon naiz pisu batean, eta horrelako elkarbizitza baterako pertsona egokiak aukeratzea ezinbestekoa da. Ordu asko ematen ditugu elkarrekin, eta elkar ondo ezagutzea garrantzitsua da. Egunean 12 bat orduz ikasten egon gara, zazpi hilabetez. Han esaten ziguten egun bakoitzean zer prestatu behar genuen, testak egiten genituen eta horrez aparte, hiru ordu klase izaten genituen egunero. Larunbatetan azterketa simulakroak izaten genituen, norberak jakiteko zer moduz ari den, eta domeketan, jai. Luzea izan da, eta argi neukan ondo egin behar nuela, ez nuelako nahi esperientzia hori errepikatzea. Oso kontzientziatuta nengoen, baina hala ere, luze egiten da. Banekien ordu asko sartu beharko nituela eta ondo antolatu beharko nintzela. Akademian beharrezko material guztia ematen dute, eta asko errazten dute prozesua. Nik uste dut modu librean azterketa hori prestatzea ezinezkoa dela. Helburua ahalik eta postu onena eskuratzea da, espezialitatea aukeratzeko aukera gehiago izateko. Aurten uste dut 8.000 plaza inguru aterako dituztela, beraz, 5.000 pertsona inguru geldituko dira kanpoan. Ospital guztietan ez dira aukera berberak egoten espezialitatea egiteko, eta Euskal Herrian, gainera, ez daude espezialitate guztiak. Azterketan postu ona lortzea garrantzitsua da.

 • Zuk zein espezialitate aukeratuko duzu?
Ez daukat oso argi. Ospitaleetako ate irekietan parte hartuko dut espezialitate desberdinak ezagutzeko, eta erabakiko dut. Jende askok uste du familia medikua, kardiologoa edo zirujaua izatea daudela aukeran, baina espezialitate pila bat daude eta aukeratzea ez da erraza. Seigarren mailan geundela konturatu nintzen eskuekin lan egitea gustatzen zaidala, baina zirujau izatea ez dut nahi. Ginekologia gustuko dut, adibidez, anestesia ere bai... baina oraindik ez daukat argi. Apirilaren amaieran egin beharko dut aukeraketa, eta maiatzean lanean hasiko naiz. Argi daukadana da Euskal Herriko ospitaleren batean geratzea nahiko nukeela.

 • Prozesu luzea da medikuntza ikastea, baina lanerako aukera handiak dituena, ezta?
Espezialitateak 4-6 urte bitartean irauten du, eta tarte horretan soldata bat irabazten dugu, baina ikasten ari den mediku baten soldata. Espezialitatea bukatu ostean eskuratzen da mediku espezialistatitulazioa, eta behin hori daukazunean osasungintza publikoan zein pribatuan lan egin dezakezu. Epe luzeko ikasleak gara gu. Sei urteko gradua, ondoren BAME azterketa, gero espezialitatea eta horren ostean osasungintza publikoan lan egiteko beste oposaketa batzuk gainditu behar dira. Prozesu luzea da, baina normalean medikuntza bukatzen dutenek, segidan lana izaten dute, eta hori gaur egun ere garrantzitsua da. Batzuei gustatzen zaie ikasketak amaitu eta urtebeteko atsedenaldi moduko bat hartzea gauza bat eta bestea probatzeko, baina niri lasaitasuna ematen dit jakiteak ikasketak amaitu ostean ikasi dudan horretan lana izango dudala. Eta, azkenean, nire bueltako gehienek ere ikasketak luzatu egin dituzte. Gradu motzagoa egin arren, gero masterra edo dena delakoarekin luzatu egiten zaie, eta askok, gainera, lanik aurkitzen ez dutelako, beste zerbait ikasi behar izaten dute. Beraz, askotan ez dira gu baino askoz lehenago hasten lanean. Niri ez zait hain luzea egin, urteak berehala pasatzen dira, eta unibertsitateko urteak oso onak dira. Bilbon bizitzen egon naiz lagunekin, ostegunetan irteten ginen eta berriz aukeratu beharko banu, dudarik gabe medikuntza aukeratuko nuke.

  ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariaren 1239. zenbakian -PDF-

2022 03 31 andrea arregi medikuntza ikaslea elgoibar BARREN

Turismo gehigarria

TURISMO GEHIGARRIA

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza