AP-8 autobideko trafikoak herrian duen eragina aztertzeko zarataren diagnostikoa egingo du Mendaroko Udalak

Barren.eus 2022ko mar. 28a, 13:21

Mendaroko Udalak jakitera eman duenez, AP-8 autobideko trafiko-zaratak herrian duen eragina aztertzeko diagnostiko bat egiteko eskatu dio Laecor enpresari, errepide hori herritik metro gutxira igarotzen dela-eta.

Ingeniaritza akustikoan diharduen Laecor enpresari agindutako azterlanak Arno Bidea, Azpilgoeta kalea eta Mendaro ondoko bizitegi-inguruneko "kalteak" aztertuko dituela zehaztu dute Mendaroko Udaletik. "Azterlan hau egiteko arrazoia da Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari aipatutako ingurunea babesteko oztopo akustikoak ezartzeko eskaera egitea", adierazi dute. Egoera aztertu ondoren, diagnostikorako bi bide irekiko dituztela ere erabaki dute.

  1. Lehenengoa azterketa akustiko bat egitea da. Honekin, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egingo dute egun, arratsalde eta gaueko aldietan. Emaitzen azterketa bat ere egingo dute, kanpo-ingurunerako kalitate akustikoko helburuak egiaztatzeko eta simulazio akustikoa egiteko, oztopo akustikoak ezarriz eta bizitegi-ingurunea murrizteko analisia eginez.
  2. Zarata neurtzeko bigarren modua inguruneko zarata neurtzen duen monitore bat ezartzea izango da. Monitoretza-estazioen bidez "in situ" egingo dute neurketa, gutxienez 24 orduko ziklo jarraituetan eta bi kontrol-puntutan. Emaitzen bidez, eguneko, arratsaldeko eta gaueko aldi osoak aztertuko dituzte, bai eta eragin-maila handienekoak ere, ordu-tarteetan. Kalkulu-eredua kalibratu eta baliozkotu ere egingo dute, monitoretza-zikloetatik ateratako datuen bidez.

Egun, arratsalde eta gaueko neurketa aldiak honela banatzen dituzte:

  • Eguneko soinu-maila baliokidea (Ld): 07:00etatik 19: 00etara.
  • Arratsaldeko soinu-maila baliokidea (Le): 19:00etatik 23: 00etara.
  • Gaueko soinu-maila baliokidea (Ln): 23:00etatik 07: 00etara.

Azterketa egiteko beharrezko homologazio guztiak dituzten Bruel & Kajaer ekipo eta softwareak erabiliko dituztela ere jakinarazi dute, eta nazioarteko estandarra erabiliko dute azterketotan. Era berean, laborategiak dituen ekipamendu guztiak urteko egiaztatze eta kalibratze-planaren menpe daude, ITC/2845/2007 Ministerio Aginduaren arabera (agindu horren bidez arautzen da soinu entzungarria eta kalibragailu akustikoak neurtzeko tresnen eta laborategiko barne-kalibragailuen kontrol metrologikoa).

Azterketa akustikoa egiteko Udalak 7.683 euro inbertituko ditu (BEZik gabe), eta lanak apirilean zehar egingo dituzte.