258. greba eguna bihar, zaharren egoitzetan

Barren.eus 2022ko mar. 23a, 15:00

Lau urtez ari dira borrokan zaharren egoitzetan, eta bihar, martxoaren 24an, 258. greba eguna egingo dute egoitzetako beharginek.

Lehen prekarioa zen egoera, pandemiaren ondorioz are prekariagoa dela adierazi dute, eta lan baldintzak gero eta gogorragoak direla salatu dute. "Egoitzen eredu ankerraren egiturazko egoerari pandemia eta honek ekarri dituen ondorio eta neurriak gehitu behar zaizkio", azaldu dute ELA sindikatutik. Bilerak eskatu dizkiete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Patronalari, baina haiek “entzungor” egiten dutela esan dute sindikatutik. Azken bilera eskaera otsailaren 14ko greba egunean egin zutela gogora ekarri dute, "Langile, sindikatu, senide eta eragile ezberdinek eginiko bilera eskaerari Aldundiak ez dio erantzun ere egin, beste behin ere bere jarrera antidemokratikoa eta egoerarekiko utzikeria erakutsiz". Bestetik, salatu dute Patronalek inoiz baino negozio handiagoa egiten dutela "pandemiak sorturiko egoera honen eta Aldundiaren utzikeriaren kontura".
Egoera honen aurrean egoiliarrak direla kaltetuenak azpimarratu dute. "Lehen langile kopurua eta ratioak oso eskasak zirela salatzen bagenuen, orain egoera are eta okerragoa da, ez direlako ordezkapenak egiten. Lan baldintzak hain dira gogorak inork ez duela egoitzetan lan egin nahi. Beraz, gero eta langile gutxiagok lan karga handiagoari eta baldintza prekarioagoetan aurre egin behar diote langile eta egoiliarrengan dituen ondorio kaltegarriekin. Egoitzetan ematen den zerbitzua gero eta okerragoa da Aldundiak beste aldera begiratzen duen bitartean".
Era berean, zaintza lanak funtsezkoak direla gogora ekarri dute, pandemiak agerian jarritakoa akorduan. "Pandemiak argi erakutsi zigun zein ziren funtsezkoak ziren lanak, gelditu ezin zirenak, eta erresidentzietako langileei balkoietatik txalo egin genien beste ezinbesteko sektore batzuetako langileei bezala. Zaintza lanak funtsezkoak direlako. Eta inoiz baino argiago geratu da. Baina lan hauek aitortu eta duintzetik urrun, gure erakunde eta patronalek egoera hau, eredu anker hau, betikotu eta negozioa handitzeko erabili nahi dute".

ELA-k esan du borrokan jarraituko dutela eta baita grebarekin ere, "nahiz eta %100eko zerbitzu minimoak ezarriz, hau da, grebarako eskubidea ukatuz, ixilik nahi gaituzten". Hasteko, Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) parte hartzera deituko dituzte Aldundia eta Patronala, negoziazioa berraktibatzeko.
Biharko deitu duten greba egunean bilera batera deitu dituzte LHKn, eta 11:00etan elkarretaratze bat egingo dute han.

LAB sindikatuak ere egin du grebara batzeko deia. LABekoen berbetan hau ez da langileen eta patronalaren arteko gatazka bakarrik, “Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik”. “Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa urratua izaten ari da eta ezin dugu beste alde batera begiratu", diote. Sindikatuaren iritziz, jadanik larria zen egoera "jasanezina" bihurtu da Gipuzkoako egoitza gehienetan. “Gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak…”, gertatzen dira eurek diotenez.