Heriotzari buruzko zazpi hitzaldi eskainiko dituzte Elgoibarren, eta eguenean izango da lehenengoa

Barren.eus 2022ko mar. 23a, 10:18

Bihotzetik elkarteak sustatuta, heriotzari buruzko jardunaldiak eskainiko dituzte Gipuzkoako sei herritan martxotik ekainera bitartean. Irun, Donostia, Orio, Zarautz, Tolosa eta Elgoibarren izango dira saioak.

Guztira, 42 saio eskainiko dituzte, eta horietako zazpi, Elgoibarren izango dira. Lehenengoa martxoaren 24an, eguena, egingo dute, 18:30etik aurrera, Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. Almaur elkarteko Iñaki Arregik 'Dolutik bizitzara' hitzaldia eskainiko du, eta hori izango da heriotza kontzienteari buruzko sentsibilizazio kanpainaren hasiera ofiziala (izen ematea hemen). Gipuzkoako Foru Aldundiko ekonomia departamentuak eta Adinberrik finantzatutako jarduerak izango dira, eta Bihotzetik elkarteak koordinatuko ditu, herrietako Bidasoa zurekin, Bidegin, Zainbizi, Zarautz herri zaintzalea eta Almaur elkarteekin batera.
 • Eskaintza zabala
Jardunaldien artean heriotzaren inguruko beste hainbat jarduera antolatu dituzte, gai hauek lantzeko:

  • Heriotza duina: Iñaki Peña Debagoieneko ospitaleko zainketa aringarrietako medikuak eskainiko du. (Apirilak 7)
  • Zine foruma: Maiatzaren 12an egingo dute Elgoibarren. 'La cabaña' filma ikusi eta Amaia Gozategirekin egingo dute solasaldia.
  • Aurretiazko borondateen dokumentua: Bihotzetik elkarteko Javier Aramendiak eskainiko du, eta azalduko ditu aurretiazko borondateen dokumentua osatuta edukitzeak dituen onurak. (Apirilak 25)
  • Zainketa aringarriak etxean: Montse Perez Bidasoa ospitaleko doktoreak egingo du gai honi buruzko hausnarketa. (Maiatzak 5)
  • Doluaren prozesu naturala: Izaskun Andonegi, Donostiako Bidegin elkarteko adituak pertsonen sufrimendua arintzeko egindako lanaren berri emango du. (Ekainak 6)
  • Bizitzen ikasiz, hiltzen ikasi: Dibulgazio saioa emango du Belen Capapek. (Ekainak 24)

2022 03 22 dolutik bizitzara hitzaldia kart