Kamioi baten arrastoak 1988tik daudela Deba ibaian salatu du Eguzki talde ekologistak

Barren.eus 2022ko mar. 11a, 15:22

Duela 34 urte, 1988ko ufaletan, Elgoibar parean Deba ibaira erosi zen kamioi bat bertatik ateratzeko inork ez duela ezer egin salatu du Eguzki talde ekologistak.

Ibilgailua Ibaitarte industrialde inguruko ibai zatian dagoela zehaztu dute Eguzki talde ekologistako kideek. "Eguzkitik gogorarazi nahi dugu Udalek legez betebeharrekoa dela hiri-hondakin solidoak ubideetatik eta ibai ertzetatik kentzea, ondoren hondakin horiek kudea daitezen", adierazi dute. Sinestezina iruditzen zaie horrenbeste urte pasa ostean, "tamaina horretako hondakin bat" modu egokian dagoen lekutik atera eta dagokion moduan kudeatu ez izana orain artean.

Deba ibaiaren kudeaketaren erantzunkizuna duten erakundeei neurriak hartzera dei egin diete, "begi-bistakoa baita ez dutela behar besteko azterketa lanik egiten ibai eta ebaiertzetako egoeraren berri izateko. Gainera duela gutxi argitaratu diren dirulaguntzekin, ez dago aitzakiarik ibaien garbiketei uko egiteko. Horregatik guztiagatik, Elgoibarko Udalari eskatzen diogu ahalik eta lasterren ken ditzala kamioi horren hondakinak, ondoren birziklatzeko".

Era berean, gainerako administrazio eskudunekin lankidetzan, udalerriko ibai-sistemak zaindu eta kontserbatzeko beharrezkoak diren bitartekoak jartzeko eskatu diote Udalari, "ingurumenarekiko gero eta sentikorragoa den gizartearen nahiarekin bat egiteko".

2022 03 11 kamioia deba ibaian elgoibar 1988 ufaletatik eguzki