Ikasketa feministei buruzko tesi onenaren saria jaso du Miren Guillok

Barren.eus 2022ko mar. 10a, 15:58

EHUko Berdintasun Zuzendaritzak aurtengo Berdintasun Sariak banatu zituen martitzenean, eta horien artean Miren Guillo Arakistain elgoibartarrak jaso du IX. edizioko Micaela Portilla Vitoria sarietako bat.

Miren Guillok 'Hilekoaren politika eta kultura alternatiboen etnografia bat: genero konfigurazioak, gorputz-ahalduntzea eta ezagutza kolektiboak' izenburupean egin zuen doktore tesiagatik jaso du Micaela Portilla Vitoria saria, ikasketa feministei edo generokoei buruzko tesi onenaren atalean.

Miren Guillo Gizarte Hezkuntzan diplomatua, Pedagogian eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua eta Ikasketa Feminista eta Generokoetan doktorea da. Egun EHUn irakasle ari da Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailean. Hilekoaren gaia aurrez landua zuen horren inguruko tailerrak emanez, ondoren tesi hau egin zuen medikuntzaren inguruko botere harremanen inguruan aritu nahi zuelako eta hilekoak aukera ematen ziolako askotariko gaiei heltzeko. Hain zuzen ere, hilekoari lotutako ekimen alternatiboak aztertu ditu tesian.

EHUko Berdintasun Zuzendaritzak urtero sustatzen dituen deialdien sariak banatu zituzten, joan den martxoaren 8an, Bilboko Bizkaia Aretoan egin zuten sari banaketa ekitaldian. Honako hauek saritu zituzten (beheko argazkian sarituak):

  • Miren Guillo Arakistain: Ikasketa feministei edo genero ikerketei buruzko UPV/EHUko tesi onenaren Micaela Portilla Vitoria sariaren IX. Edizioa.
  • Kata Gómez: UPV/EHUko Master amaierako lanetan genero ikuspegia barne hartzearen María Goyri sariaren X. edizioa.

Gradu Amaierako Lanetan (TFG) genero-ikuspegia txertatzeko Francisca de Aculodi sariaren VIII. edizioak honako hauek saritu ditu:

  • Arteak eta Humanitateak: Enara M. Iglesias Pamparacuatro eta Nerea Aguayo González;
  • Ingeniaria eta Arkitektura: Amaia Goñi Fernández eta Javier Azpillaga Rivera
  • Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: Maider Barañano Uribarri eta Lucía Uriarte Fernández
  • Osasun Zientziak: Naia Gamboa Basterra eta Helena García-Gurtubay Sagredo

2022 03 10 miren guillo saritua tesiagatik