BIDEOA: Gerrak ireki zizkien fabriketako ateak emakumeei

Barren.eus 2022ko mar. 8a, 16:04

Emakume beharginen omenezko bideoa zabaldu du Makina Erremintaren Museoak gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunean.

Museotik gogora ekarri dute, gerrak ireki zizkieela fabriketako ateak emakumeei. "Izan ere, bailaran XX. mendearen hasieran sortutako lantegiak egonkortzeko sasoian zeudenean, 1936ko gerra lehertu zen. Horrelako gertakari batek jarduera ekonomikorako kalte eta traba ugari ekarri zituen: material eta energia eskasia, merkatuaren desegonkortasuna, langileen galera... Ez zen, ordea, dena okerrerako izan! Beste toki eta garai batzuetan gertatu izan den bezala, aurrerapauso erabakigarria ekarri zuen gerrak: emakumeei industriaren arloan lanean sartzea ahalbidetu zien".

Horrelaxe, informazio edo gogoeta horrekin, eman zien bertsotarako gaia Idoia Anzorandiak, urtarrilaren bukaeran Makina Erremintaren museoan egin zuten "Ez da kasualitatea" bertso saio musikatuan parte hartu zuten bertsolariei: Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Onintza Enbeita.
Anzorandia gai-jartzaileak Sigman josteko makinak muntatzeko lanetan jarduten zuten bi emakumeren paperean jarri zituen Miren Amuriza eta Uxue Alberdi, eta haiek kantatutako bertsoekin eta emakume langileen erretratu zaharrekin osatu du honako bideoa Museoak. Debabarreneko eta Bizkaialdeko emakume biharginen erretratuak ageri dira Jairo Berbelek editatu duen bideoan. Bide batez, Sigmako lantegian emakumeak lanean ageri diren argazki gutxi dituztela-eta, inork balitu eurekin harremanetan jartzeko eskatu dute Museotik.