Svitlana Kornitsova: "Zorakeria bat da hau, ez dago ulertzerik. Europan inork ez dugu gerrarik nahi"

Barren.eus 2022ko mar. 5a, 12:58

Elgoibarren eta Mendaron bizi diren bi ukrainarrek euren testigantza eman diote BARRENi Ukrainako gerraz. Era berean, beraien etxean Chernobilgo umeak hartzen dituzten bi familiekin ere egon gara eta baita inbasio militarraren hasierak Moskun harrapatu duen elgoibartar batekin ere bai.

Inbasio militarra hasi zuen Errusiak joan zen astean, Ukrainako Donbass herrialdea bereganatzeko asmoz. Militarrak Kieven sartu ziren barikuan, eta herrialde osoan zehar zabaldu dute euren presentzia. Hainbat herrialdek erasoa eteteko eskatu diote Errusiari, eta gerraren kontrako mobilizazioak hasi dira han eta hemen. Gurean, barikuan egin zuten kontzentrazioa Mendaron, eta aste honetan bilketa egin dute, Ukrainara jana eta oinarrizko produktuak bidaltzeko.

Elgoibarko eta Mendaroko bizilagunak diren Svitlana Kornitsova eta Yuliya Prokopenko ukrainarren lekukotzak jaso ditu BARRENek aste honetako alean argitaratutako erreportajean (Ikus hemen: Ukrainara begira -PDF-)

Svitlana Kornitsova orain dela hamar urte iritsi zen Elgoibarrera, bere senarra ere ukraniarra da, eta bere anaia ere hemen bizi da. Beldurtuta eta ikaratua dagoela aitortu du. "Ezin dut lorik egin, eta ezin dut jan. Korapiloa daukat sabelean, hau ez da bizimodua. Gure herria Kievetik 30 kilometrora dago, eta gerra piztu zen egunean bertan iritsi ziren hara militarrak. Nire aitak 65 tanke kontatu zituen. Muga guztia hartuta dute, eta Bielorrusia gainera, Errusiari laguntzen ari da. Gure herritik 20 kilometrora sekulako borroka dago une honetan, eta lagun batek esan didanez, inolako errukirik gabe ari dira Errusiarrak erasoan, aurrean duten edonori. Zibilei ez zietela erasoko esan zuten, baina gezurra da. Lagunak idatzi dit esanez lurpeko babeslekuetan daudela ezkutatua, beldurrez akabatuta. Momentuz bizirik daudela idatzi dit, baina ez dakit hurrengo mezua noiz jasoko dudan, jasotzen badut. Kharkov hiria gure herritik gertu dago, eta han jendea metroan babesten ari da, lur azpian. Donbass hartu nahi duela esan du Errusiak, baina herrialde osoan zehar daude militarrak. Iparraldetik zein hegoaldetik sartzen dira, eta dena hartzen ari dira. Errusiak armada oso indartsua dauka, potentzia handiko armak ditu. Lagunek irudi benetan beldurgarriak bidali dizkidate. Ni Elgoibarren nago eta hemendik ezin diet ezertan lagundu. Hegaldiak etenda daude, eta errepidez ere oso arriskutsua da une honetan inora joatea", azaldu du. Ulertzerik ez dagoen zoakeria bat dela dio. "Errusiako militarren artean ere mutil gazte asko dago, eta horiek ere hil daitezke. Horien amek ere ez dute horrelako sufrimendurik merezi. Europan inork ez dugu gerrarik nahi, bakea nahi dugu. Putinen helburua da bere boterea erakustea, Amerikaren eta Europaren aurrean".

Egoera oso gogorra dela ohartarazi du Mendaron bizi eta Elgoibarren lan egiten duen Yuliya Prokopenkok, eta penaz da hemendik ezin dutelako asko lagundu. "Ukrainia-Euskadi elkarteko kidea naiz eta kontzentrazioak antolatzen ari gara gerraren kontra egiteko, eta komunitate askok babestu gaituzte. Jendea laguntzeko prest agertu zaigu, eta hori eskertzekoa da. Europar Batasunari erregutzen diogu laguntzeko. Putinek ez dauka geratzeko asmorik, baina norbaitek geratu dezala eskatzen dugu”. (Mendaron gerraren aurka egin zuten elkarretaratzean jaso zituen BARRENek Prokopenkoren adierazpenak. Ondorengo bideoan entzun dezakezue bere lekukotza.

 • Ukrainako umeak etxean hartzen dituzten mendaroarren begirada
Idurre Arakistain mendaroarra aspalditik da Chernobilen Lagunak elkarteko kide, eta haren bitartez, Ukrainako umeak hartzen ditu etxean. Maxim izan zen lehenengoa, eta zortzi urtez etorri zen Mendarora. Azken urteetan, bere arreba txikia Yana ere etorri izan da. Maximek bere borondatez utzi egin zion etortzeari, baina Yana oraindik etortzen da Mendarora. Pandemiaren ondorioz, azken bi udatan ez da etorri, baina azken Gabonetan, hemen izan da berriz ere. Ivankhivetik gertu bizi dira, herri txiki batean, eta handik jaso dituzten mezuak ez dira onak: “Lehenengo egunetan esan ziguten ondo zeudela, bazutela jana, argia eta ura, baina audio horiek entzuteaz bat sekulako korapiloa sortu zitzaidan sabelean. Nola da posible 10 urteko ume batek egoera hau bizi beharra izatea?. Amak esnatu zuen goizean, eta larrialdiadietarako maleta prestatu behar zutela esan zion, baina nora joango diren ere jakin gabe”. (lekukotza osorik: Ukrainara begira -PDF-)

2022 03 04 ukraina errep BARREN idurre arakistain

Carmen Larrañaga orain dela hamabost urte jarri zen Chernobil Elkartearekin harremanetan, eta ordutik, Ukrainako umeak jasotzen ditu udako oporraldian, etxean. Nastia izeneko neskatxa bat ekarri zuten lehenengo. Zazpi urte zituela ekarri zuten lehenengoz Mendarora, eta 18 urte egin zituen arte egon zen etortzen. Orain, Ana jasotzen dute, eta azkenekoz, Gabonetan izan zuten etxean. 12 urte ditu, eta hiru nebaarreben artean, zaharrena da. “Oso triste eta urduri gaude. Telebistan ikusten ditugun albisteekin oso kezkatuta gaude, eta Chernobilgo umeak ekartzen dituen elkartetik iristen zaizkigun berriak ere, ez dira onak. Anaren amarekin watsapp bidez hitz egiten dut, mezu laburrak, baina zeozer behintzat! Chernobiletik oso gertu bizi dira, eta hango bonben zaratak entzuten dituztela esan dit. Militar errusiarrak ere ikusten dituztela etxetik, eta umeak, bereziki, oso beldurtuta daudela. Lorik ez dutela egiten apenas, eta neu ere sarri esnatzen naiz gauetan, haiekin akordatzen. Galdetu nion ea bazeukaten bonbetatik babesteko lekuren bat lur azpian eta ezetz esan zidan. Momentuz etxean zeudela. Nik sinistu nahi dut eurei ez dietela ezer egingo, zibilei ez dietela erasoko, baina, auskalo. Lehen beste ume bat ekartzen genuen, Nastia. Hark 23 urte dauzka dagoeneko, eta orain ez da etortzen gurera, baina harremana mantentzen dugu eta familia harekin ere kezkatuta gaude. Inpotentzia handia sentitzen dugu, eta hemendik ezin dugu ezer egin. Guk nahiko genuke ume haiek handik ateratzea, baina orain ezin da. Triste gaude, urduri eta penaz”. (lekukotza osorik: Ukrainara begira -PDF-)

2022 03 04 ukraina errep BARREN esti gonzalez

∞Lotura duten albisteak: