San Lazaroko egoiliarrek jaso dituzte IMHko ikasleek diseinatu eta fabrikatu dituzten jolasak

Barren.eus 2022ko mar. 3a, 17:39

Itxura batean, zerikusi gutxi dute San Lazaro egoitzak eta IMHk, baina gizarte aurreratu batek bere komunitateaz arduratu behar duela uste dute Makina Erremintaren Institutuko arduradunek, eta babes berezia behar duten bizitzako egoera edo etapen inguruan sentsibilizazio berezi bat izan behar dela. Era berean, adineko pertsonek komunitateari egiten dioten ekarpenean ere jarri nahi dute arreta, ekarpen hori bistaratuz. (ikus bideoan)

"Adinekoen bizipenetatik eta esperientziatik asko daukagu ikasteko, eta, Elgoibar herri industriala izanik, historia industrial horren lekuko zuzenak dira. Gure gazteei ondare horren berri emateko pertsonarik egokienak, alegia". Abiapuntu horretatik, IMHko ikasleek eta San Lazaroko egoiliarrek programa batean parte hartu dute, esperientziak partekatzeko eta elkar ezagutzeko. Egitasmo horren barruan, mekanizazio arloko bigarren mailako ikasleek San Lazaro egoitzarako helburu terapeutikoak dituzten jolasak diseinatu eta fabrikatu dituzte. Material plastikoekin egin dituzte bederatzi pieza, fresatzeko makinekin eta tornuekin. Egoiliarrek ikasleek diseinatu eta 3D inprimagailu batekin egindako oinarri bateko hutsuneetan jarri beharko dituzte piezak, psikomotrizitatea hobetzea helburu duen jolasean.

 • Bisita
Ikasleek eskura eman zizkieten egoiliarrei eurentzako eginiko jolasok, joan den otsailaren 25ean IMHra egin zuten bisitan. Mekanizazioan espezializatutako irakasleen eta ikasleen gidaritzapean, IMHren industria-instalazioak bisitatu zituzten egoiliarrek, eta elkar ezagutzeaz gainera, eurentzako materiala sortzeko prozesu osoa ezagutu zuten. Egoiliarren iritziak eta iradokizunak aintzat hartu ostean, hurrengo ikasturtean jolas horiek hobetzea da ikasleen asmoa. Makina Erremintaren Museoak ere hartu du parte ekimenean, eta hura ere ezagutu zuten. Elkarrekin mokadu bat janez eman zioten amaiera bisitari. San Lazaroko arduradunek "egun zoragarria" izan zela azaldu dute eta eskerrak eman dizkiete IMHri eta museoari horrelako ekimen bat antolatzeagatik. Egoiliarrek opari bat ere eman zieten ikasleei, goxoki kaxa bat.

 

2022 03 03 imh san lazaro egoitza bisita jolasak danak BARREN

2022 03 03 imh san lazaro egoitza bisita jolasak b1 BARREN

2022 03 03 imh san lazaro egoitza bisita jolasak elkarrekin BARREN

2022 03 03 imh san lazaro egoitza bisita jolasak museoan BARREN