Pentsiodunen Mugimenduak ordutegi berriak iragarri ditu mobilizazioetarako

Barren.eus 2022ko mar. 3a, 09:56

Gaurgeroa Pentsiodunen taldeak batzarra egin du eta, besteak beste, mobilizazioetarako ordutegiak aldatzea erabaki dute. Horrez gain, 24/7 plataformako ordezkariek alkateak “5.501 sinatzaileei errespetua galdu diela” salatu dute.

 Pentsiodunek borrokan jarraitzen dute, baina martxoan, arratsaldez beharrean, eguerdian irtengo dira kalera. Datorren astelehenean pentsioen aldeko elkarretaratzea egingo dute Kalegoen plazan 12:00etan, eta hilaren 21erako manifestazioa antolatu dute. 12:00etan hasiko da, Kalegoen plazan. 

24/7 plataformak ere, anbulatorioa astean zazpi egunez eta 24 orduz zabaltzeko borrokari segiko dio. Martxoaren 30ean egingo dute elkarretaratzea, 12:00etan, anbulatorio aurrean. Iragarri zuten moduan, sinadura bilketarekin ez da bukatu borroka hau. 24/7 Plataformak Elgoibarko anbulatorioa asteko zazpi egunetan eta 24 orduz zapaltzea eskatuz 5.501 herritarren sinadurak bildu zituen, eta horiek guztiak Udaleren esku uzteaz gain, bilera eskatu zieten alderdi politikoei, aurrera begirako pausoak zehazteko. Ane Beitia alkatearen erantzuna jaso dute plataformakoek, esanez, dagoeneko harremanetan jarri dela Osakidetzarekin 24/7koen gomendioak eta bildutako sinadurak helarazteko, beraz, bete duela osoko bilkuran hartutako konpromisoa.
Harriduraz jaso dute alkatearen erantzuna 24/7 Plataforman: “5.501 sinatzaileei errespetua galdu diela uste dugu. Ane Beitiak bere kabuz erabaki du Osakidetzarekin harremanetan nola jarri, Elgoibarko herritar horien guztien ahotsa izan beharrean”. Eta are larriagoa iruditu zaie egiteko modua. “Elgoibarko herritarrei ezer jakinarazi ez izanak, pentsarazi digu gai honek traba egiten diola eta gainetik kendu nahi izan duela lehenbailehen eta edozein modutan”. Beren ustez, osasuna eta ongizatea bezalako gaiak jokoan daudenean, “ezin da arinki hartu”. Bestalde, gogorarazi nahi izan dute onartutako mozioan ez zela aipatzen zer egin bildutako sinadurekin. Gainera, alkateak bere erantzunean zehazten duenez, Osakidetzari eskatu dio Elgoibarko anbulatorioan pandemia aurretik zegoen ordutegia berreskuratzeko, hau da, 20:00ak arte, baina hori ez da 24/7 plataformaren eskaera: “Guk 24 orduz zabaltzea eskatzen dugu, asteko zazpi egunetan”.
Hala ere, Plataformatik elgoibartarrei adierazi nahi diete ez dutela etsiko eta lanean jarraituko dutela “gure udalerriko herritar gehienen borondatea errespeta dadin”. Horretarako, erakunde publiko guztietara joko dute, “Elgoibarko anbulatorioarekin zer pentsatzen eta nahi duten zuzenean helarazteko”.

∞Lotura duten albisteak: