Koro Gabiola eta Iñaki Iraola errefuxiatuei laguntzera joango dira Greziako Lesbos irlara

Barren.eus 2015ko abe. 17a, 15:30

Milaka migratzaile ari da Turkia eta Greziaren arteko muga itsasoz zeharkatzen. Egeo itsasoa zeharkatu eta Greziako Lesbos irlara iritsita, lehen uneetan laguntza behar izaten dute eta asko dira boluntario modura babes hori eskaintzen duten elkarteak eta norbanakoak. Beharra dagoela ikusita Elgoibartik hara abiatu eta abenduaren 27tik urtarrilaren 5era bitartean Lesbosen laguntzen arituko dira Koro Gabiola eta Iñaki Iraola.

Talde pila bat daude laguntzen Lesbosen eta www.lighthouserelief.org erakundearekin egin dute kontaktua, baina hara iritsi arte ez dute jakingo zein izango den beren eginbeharra. Itsasontziak antzeman eta larrialdiak aurreikusi ondoren, lehorreratze seguruak ziurtatu eta jendeari, iristen direnean, hondartzan lehen laguntza ematen diete. “Hondartzan daukate kanpamentua zuhaitzen babesean eta han mediku-arreta, jatekoa, ura, arropak eta mantak ematen dizkiete errefuxiatuei iristen direnean. Handik 2,5km. igo behar dituzte autobusak jasotzen dituen lekura. Ilunabarrean edo gauez iristen badira, ordea, autobusik ez dagoenez, lehen gaua han pasatzeko argindarra eta euritako dendak jartzen dizkiete, baita jatekoa prestatu ere. Mantenuan ere jarduten dute hondartzak eta kaleak garbitzen”. 

•Diru-laguntza jasotzeko kanpaina

Asko, hara joaterik ez izan arren laguntzeko prest daudenez, diru-laguntza jasotzeko kanpaina jarri dute abian youcaring.com plataformaren bitartez. Gutxienez 2.000 euro lortzea da helburua –dagoeneko 1.100 batu dituzte–. Horrez gain, ES87 3035 0007 22 0071131890 kontu zenbakian, Koro Gabiola Colinaren izenean ere sartu daiteke dirua laguntzaileen izen-abizenak zehaztuz, gero, beren facebookeko perfilean jartzeko. Bestalde, Elgoibarren hiru itxulapiko jarri dituzte: Rosa liburu dendan (BM), Pausoak zapata dendan eta Ilunpe Tabernan. “Dirua ez da gure bidaia ordaintzeko, Lesbosekoei laguntzeko baizik”.

2015 12 17 iraola gabiola lesbosera3