Kabinako telefono deiak moztuta

Barren.eus 2022ko ots. 25a, 17:52

Telefono dei gutxi egin izan dira azken aldian kaleko telefono kabinetatik eta urte hasieratik bat bera ere ez. Asko dira sekula horrelako telefonorik erabili ez duenak eta kalean ikusi arren zertarako balio duten ez dakite txikienek. Bada, deiak egiteko konexioa urte hasieran eten zuten eta 2022an barrena kabinak kenduko dituzte.

Kalean txanponak sartu behar ziren aparatuetatik deitu behar zen lehen, orain apenas dago kalean poltsikoko telefonotik hitz egiten ez duenik. Zergatik deiak ez ezik telefonoak ere kendu?

Telefono kabinak, asko dira herriko txokoren batean ikusi arren, sekula erabili ez dituztenak eta beste asko non dauden edo egon ziren ere ez dakitenak. Baina garai batean ia edonon aurkitu genezakeen kabina bat edonora deitzeko beharra asetzeko. Kanpoan egotean edo etxean beste aparailurik izan ezean, sarri erabiltzen ziren kabinak. Izan ere, sakelako telefonorik ez zen existitzen garai hartan, eta deitzeko beharra, egungoa bezalakoa zen.
 • Txanponak sartu eta sartu...
Teknologiaren eboluzioak ahazturan utzi ditu, baina kabinak. Izan ere, Telefónicak emandako datuen arabera, 2006rako sakelako telefono gehiago zegoen biztanleak baino. Estuak eta itxiak ziren garai bateko kabinak, bat baino gehiago horrelakoren batean sartutakoan larritu ere egiten zen, espazio faltagatik. Gerora kanpoko kristal eta burnirik gabeko zutabeetan ipini zituzten telefonoak. Baina izan kabina barruan zein zutabean, lehen jende askok berba egiten zuen kabinetatik eta noiz edo noiz ilarak sortzen ziren kabinen aurrean. Zain egon beharra zen askorentzat traba, deitu behar eta bere zain zeudenen aurrean hitz egin beharra besteentzat. Kabina barruan labur ziren beste aldekoari egin beharreko hitzak, kanpoan, ordea, luze. Ezer ezin gorde inguruan dena entzuten zen elkarrizketa haietan eta gainera, txanponak sartu eta sartu, zer eta berbetako momenturik onenean deia mozteko.

2022 02 25 kabinak agur elgoibar BARREN errep

 • Mende bat baino gutxiago
Momenturik onenean mozten zen deia, baina orain jadanik betirako moztu dira kabinetako dei guztiak. Deia moztu baino, seinalea da betirako eten dutena. Espainiako Gobernuak Telekomunikazio Lege Orokorrean jasotakoaren arabera 2022an barrena telefono kabinak eta telefono gidak kentzea erabaki dute. Izan ere, kabinen ardura izan duen Telefónica enpresak ez du derrigorrezko zerbitzutzat jo. Gainera, Espainian, urte bukaerara arteko kabinen urteko mantenua 4,5 milioi eurokoa zen. Telekomunikazioen Legearen arabera, beraiek eskaintzen zuten zerbitzu unibertsalak bermatzen zuen herritar guztiek zerbitzu jakin batzuetarako sarbidea izatea, kokapen geografikoa edozein izanda ere, kalitate jakin batekin eta arrazoizko prezioan. Horretarako, mila biztanletik gorako herriek gutxienez kabina bat izan behar zuten instalatuta orain arte, eta beste bat gehiago hiru mila biztanleko. Euskaltelek 90. hamarkada amaieran EAEn kabina batzuk ipini zituen, baina ez zuten asko iraun. Beraz argi dago beste konpainiarena dela kabinen bide nagusia.

 • Lau gelditzen dira Elgoibarren
Telefònicara deia egin eta kabinen ezarpenari buruzko makina bat datu eman dzkigute: 1928an ipini zuten Madrilen lehenengo telefono kabina eta Madril eta Bartzelonaren osteko hiria Bilbo izan zen, 1963an. Kabina horietan fitxa bat kontsumitzen zen elkarrizketako hiru minuturo eta guztira 300 ipini zituzten. 1966an Gasteizko lehenak jarri zituzten, baina herri barruko deiak baino ezin zitezkeen egin, 1970ean herriarteko lehena ipini zuten arte. Donostian 1965eko uztailean ipini zituzten lehenak, probarako. Kabinei mende bateko zorion agurra telefonoz egin aurretik, ordea, deia etetea izan da erabakia. Ipini, mordoa ipini dituzte urteetan barrena, baina erabilerak behera egin ahala kendu ere egin dituzte pixkanaka. 2021. urte bukaeran 14.284 kabina zeuden Espainian; horietatik 532 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 219 Gipuzkoan; Elgoibarren lau.

2022 02 25 kabinak agur elgoibar BARREN errep 1

2022 02 25 elgoibar azken kabinak BARREN

2022 02 25 telefono kabina kalebarren elgoibar 1993 1994

2022 02 25 kabinak agur elgoibar BARREN errep 1 deika