Elgoibarko neska eta emakumeen aurpegien argazkiekin mural bat osatuko dute martxoaren 8an

Barren.eus 2022ko ots. 25a, 17:27

'Elkartuta, infinituraino!' izeneko ekimena sortu dute herriko hainbat eragilek Martxoaren 8rako, eta parte hartzera gonbidatu dituzte Elgoibarko emakume guztiak.

"Herriko askotariko emakumeei gonbita egin nahi diegu: adin, tamaina, kolore, arraza... askotariko emakumeei", zehaztu dute ekimenaren sustatzaileek. Emakumeen Nazioarteko Eguna nola ospatu erabakitzeko egin dituzten bileretan irten eta garatu duten ideia izan dela azaldu dute. Elgoibarko neska eta emakumeen aurpegien argazkiekin mural erraldoi bat egingo dute martxoaren 8an, 'Elkartuta, infinituraino!' mezuakin. Horretarako, 8ari buelta eman eta infinituaren ikur bihurtuko dute kalegoen plazako zoruan, eta ikur hori herriko nesken eta emakumeen aurpegiko argazkiekin osatuta egongo da.

Horretarako, argazkiak inprimatu eta martxoaren 8an, 19:30ean, Kalegoen plazara eramateko eskatu dute. Inprimatutako argazkien tamaina askotarikoak izan daitezkeela gaineratu dute, "A4 folio bat, A3 bat, e.a". Aurpegiaren irudia izatea eskatzen dute baina formatua aukeran: aurpegi osokoa, begiradaren lehen plano bat, aurpegia garbi, zikinduta, koloreztatuta, mozorrotuta.... bakoitzaren aukeran izango da".

2022 02 25 martxoak8 elgoibar elkartuta infinituraino kartela