Andoni Segundo: “Pandemia komodin bat izan da gauza asko justifikatzeko, bereziki, kudeaketa txarra”

Barren.eus 2022ko ots. 18a, 11:13

Elgoibarko hainbat gizarte eragilek osatutako plataforma da 24/7 izenekoa, eta Elgoibarko anbulatorioa asteko zazpi egunetan eta 24 orduz zabaltzea da euren helburua. Borroka horretan elkarretaratzeak eta manifestazioak egin izan dituzte, eta abenduan zehar sinadura bilketa ere egin zuten. 5.501 sinadura lortu zituzten, eta orain, Udalaren esku utzi dituzte guztiak.

Plataformak bilera eskatu die orain Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei, aurrera begirako pausoak zehazteko. Joseja Arregik eta Andoni Segundok eman dituzte azalpenak.

 • 5.501 sinadura entregatu dituzue Udalean. Ez da Elgoibarren horrelako egitasmoren bat egiten den estreinako aldia. Zer espero duzue oraingoan?
Andoni Segundo: Orain dela hamar bat urte egon zen kanpaina honen aurrekari bat. EAk bultzatu zuen orduan sinadura bilketa eta bi milatik gora bildu zituzten. Udal korporazio guztiak babestu zuen hura, baita PP-k ere, baina gero sinadura horiekin guztiekin zer gertatu zen inork ez daki. Kajoi batean gordeta geratu dira?. Askotan gertatzen dira horrelakoak, batez ere, emaitzak gustukoak ez direnean. Guk ez dugu nahi orain gauza bera gertatzea, eta espero dugu ez dela gertatuko.
Joseja Arregi: Udala prest agertu da sinadura horiek Osasun Sailera bideratzeko, eta espero dugu egingo duela bitartekari lan hori, baina badakigu Udal arduradunak ez daudela pozik gai honekin. Lehen ere erreklamazio orriak betetzeko eskaera egin genuen, eta milatik gora bete zituzten herritarrek. Orduan erantzun mekanizatua jaso zuen herritar bakoitzak, eta hortan geratu zen. Guk bilera eskatu dugu Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoekin, erantzunen bat jasotzeko. Abenduaren 22an sartu genuen azken mozioa Udalean, eta aurrera atera zen, baina guk ez dugu inolako erantzunik jaso, eta pasatu dira egunak ordutik. Gure nahia gai hau Legebiltzarrera eramatea da. Ez dakit nola egingo dugun, baina lortuko dugu.

 

 • Lau mila sinadura biltzeko helburua zeneukaten, eta zifra hori gainditu duzue. Kanpainak eman duenaren balorazio bat egingo diguzue?
J.A.: Herriak hitz egin du. Herriak argi eta garbi adierazi du bere beharra, eta guk uste dugu horrek erantzuna merezi duela agintarien partetik. Elgoibarrek anbulatorioa asteko zazpi egunetan eta 24 orduz zabaltzeko beharra adierazi du, eta hori lehentasunezko gaia izan beharko litzateke Udalarentzat. Herriko 18 urtetik gorako biztanleria kontuan hartuta, %60k sinatu du, eta hori ezin da oharkabean pasatu.
A.S.: Gu oso pozik gaude emaitzarekin. Plataforma anitza sortu dugu, kolore guztietako jendea bildu gara, eta sinatzaileen artean ere denetariko herritarrak egon dira. Guk ez daukagu interes politikorik gai honetan, osasuna da gure lehentasuna. Kanpaina oso ondo joan da: 60 bat lagun aritu dira mahaietan sinadurak biltzen, herriko ia 150 establezimenduk ere bat egin dute kanpainarekin, enpresetako sindikatuek, ikastetxe batzuek... Guretzat hori izan da inportanteena, kanpainan inplikatu den jende kopurua.

 

 • Murrizketak salatu izan dituzue zuek, baina Sagardui Osasun Sailburuaren hitzetan “ez da murrizketarik egin, ez lehenago eta ezta pandemia garaian ere”. Zer uste duzue?
J.A.: Hemerotekan begiratuta ikusi dugu orain dela hamar urte ere protestak egin zituztela Elgoibarko anbulatorioko langileek, murrizketen kontra, beraz, hemen aspalditik ari gara murrizketak jasaten, eta sailburua komunikabideetan irtetea esaten ez dagoela medikurik, lotsagarria iruditzen zait. Bera da kudeatzailea eta hori berak konpondu behar du. Guk jendearen haserrea ikusi dugu, bereziki, adinekoena. Sinatu duten guztiek aipatzen zuten pandemia aurretik ere egoera txarra zela osasungintza publikoan, eta pandemiarekin are gehiago okertu dela. Osakidetzak pandemia garaian zerbitzua indartu egin beharko luke, murriztu beharrean. Erreminta falta ez da gure arazoa, hori beraiek konpondu behar dute. Baina ez dezala esan murrizketarik ez dagoela, gure herriko anbulategia 17:00etan ixten dutenean egunero! Bariku atsaldetik astelehen goizera arte itxita egoten da, eta hori gehiegizkoa da. Eta ez da gurea bakarrik: Eibarren, Ermuan, Zumarragan... leku askotan egon dira murrizketak, baina Debabarrenean izugarriak. Eibarko eta Ermuako jendea ere gerturatu zitzaigun kanpainan zehar, eta esan ziguten herri horietan ere hasi behar zutela protestan.

 

 • Behin eta berriz esan duzue pandemia aitzaki bat besterik ez dela izan murrizketa gehiago egiteko.
A.S.: Pandemia komodin bat izan da gauza asko justifikatzeko, batez ere, kudeaketa txarra. Elgoibarko anbulatorioko langile batzuk Londresera joan dira lanera, hemengoak baino baldintza hobeak eskaintzen dizkietelako. EAJk defendatu du Osakidetzak bere aurrekontua handitu egin duela, baina guk dakiguna da gure anbulatorioak itxita jarraitzen duela. Atzerapauso bat egon da, eta gure ustez honen atzean pribatizazioaren aldeko apustua ere egon daiteke.
J.A.: Ni covid-19agatik konfinatuta egon naiz, baina 70 urte ditudalako eta zaurgarrien taldean sartu nautelako deitu zidaten proba egiteko, bestela kalean egongo nintzateke, libre, lagunekin. Ez neukan sintomarik, eta bakunatuta nago. Berez, bizimodu normala egin nezakeen. 69 urte izango banitu, birusa zabaltzen ibiliko nintzen, lasai-lasai. Ulertzen dugu mugak jarri behar dituztela, baina gure ustez zerbitzuak hobetzea izan behar da Osakidetzaren helburua, eta ez murriztea.

 

 • Biztanleriari erreparatuta, eta inguruan ditugun ospitaleak kontuan hartuta, badakizue Elgoibarri tokatzen zaion anbulatorioa 24 orduz irekita edukitzea?
J.A.: Ez dakigu, eta ez zaigu inporta gainera. Lehen bageneukan, eta hori berreskuratu nahi dugu. Lehen izan bagenuen, orain zergatik ez?. Hemen egun batetik bestera murrizten dituzte zerbitzuak, inori ezer esan gabe, eta beharra eduki arte inor ez da enteratzen. Mozioa sartu genuenean erantzun ziguten orain dela 30 urte okerrago geundela, ez geneuzkala inguruan gaur egun ditugun ospitaleak, baina esango nuke mediku zerbitzu hobea geneukala. Nik nire medikua kalean ikusten nuenean, geratu egiten ninduen zer moduz nengoen galdetzeko. Burgos zen nire medikua, eta berarekin harreman zuzena neukan. Hura pazienteen etxera joaten zen beharra zegoenean. Gaur egun hori dena galdu egin da. Orain ez dago tratu pertsonalik, medikuak etengabe aldatzen dira eta egun bakoitzean bati kontatu behar diogu gure pelikula. Hemengo lan baldintzak ez dira onak, eta horregatik dago pertsonal mugimendu handia.
A.S.: Hemen argi daukaguna da lehen geneukan zerbitzu bat kendu egin digutela. Agian Donostiara joateko autobusa ere ez zaio tokatuko Elgoibarri, baina badago. Eta, hori ere kendu
egingo digute ez zaigula tokatzen esanda?. Gure ustez zerbitzuak kentzea murrizketak egitea da. Orain dela 30 urteko kontuekin ibiltzeak ez dauka zentzurik. Orduan sakelako telefonorik ere ez geneukan, eta gaur egun bai, eboluzioa egon delako, baina osasungintzan inboluzioa ezagutzen ari gara.

 

 • Zer eskatzen duzue zehazki?
J.A.: Guk herritar guztiontzako kalitatezko osasungintza publikoa eskatzen dugu. Adinekoak dira murrizketa hau gehien jasaten dutenak, baina denoi eragiten digu. Ni gogoratzen naiz gure alaba txikia zenean ere behin baino gehiagotan joaten ginela gauez larrialdietara. Orduan merkatu plazan zegoen anbulatorioa, eta zabalik egoten zen gauetan. Baina azken urteetan dena joan dira murrizten: lehenengo mediku bat kendu, gero larrialdiak, larrialdietan pediatrarik ez da egoten anbulatorioan, orduan guraso askok zuzenean Mendarora eramaten dituzte umeak. Larrialdi zerbitzua hiltzen laga dute, erabat kendu duten arte. Gure ustez kalitatezko larrialdi zerbitzua merezi du Elgoibarrek, mediku eta pediatra dituena. Jende guztiak ez dauka Mendarora joateko aukerarik. Alternatibak jarri behar dira: adibidez, ezin bada anbulatorioa gauez zabalik eduki, jar dezatela telefono bat beharra dutenen eskura, eta auto bat Mendarora joan ezin duena hara eramateko. Aurrez aurreko kontsultak ere indartu egin behar dira, gaixotasun batzuk ezin direlako telefonoz kontrolatu. Medikuak argazkiak bidaltzeko eskatzen du, eta argazki batekin egiten du diagnostikoa, baina jende batek ez daki telefono bidez argazkiak bidaltzen ere. Jende horri zerbitzu duina eskaini behar zaio.
A.S.: Herrietako larrialdi zerbitzuak sustatzeko asmorik ez daukate, bestela honezkero neurriak hartuko zituzten. Guk argi daukagu honen guztiaren arrazoia ez dela pandemia izan. Pandemiak egoera okertu egin du, baina aurretik zetozen murrizketak. Badakigu hau guztia kudeatzea ez dela erraza, baina horretarako daude agintariak; herritarren beharrak entzuteko eta erantzunak emateko.

 

ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1233. zenbakian -PDF-

 

 

2022 02 18 andoni segundo joseja arregi anbulatorioa elgoibar barren