Elgoibarko basoei buruzko hitzaldia emango du Iñaki Aizpuruk Elgoibarren

Barren.eus 2022ko ots. 16a, 15:45

Herriko basoen etorkizunaz kezka eta interesa duten hainbat lagunek sortu dute Elgoibarko baso biziak taldea, eta "Elgoibarko basoen etorkizuna" hitzaldia antolatu dute ezagutzera emateko.

Astelehenean, otsailaren 21ean, 'Elgoibarko basoen etorkizuna' izenburupean hitzaldi bat emango du Iñaki Aizpuruk, 19:00etan Kultur etxeko hitzaldi gelan. Ondoren eztabaidarako tartea izango da. Iñaki Aizpuru biologoa eta botanikaria izateaz gainera, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan naturaren kudeaketan lanean jardundakoa da; eta, orain, Itsasondoko alkate izanik, hango basoak berreskuratzeko programa koordinatzen ari da. Itsasondoko Udala, partikularrek behar ez dituzten lursailak erosten ari da azken urteetan, basoa berreskuratzeko asmoz. Basoak zergatik eta zertarako behar ditugun ere azalduko du biologoak. Besteak beste, dakartzaten onurak azpimarratu, eta horiek aprobetxatzeko metodoak aztertuko ditu solasaldian. Arlo horretan hainbat udalerrik hartutako bide eta estrategiak azalduko ditu.
 • Baso biziak, talde irekia
Asteleheneko hitzaldia Elgoibarko baso biziak taldearen estreinako ekintza da eta gai honekiko interesa dutenek hona idatzita jar daitezke elkartekoekin kontaktuan: elgoibarkobasobiziak@gmail.com

"Inguruko herrietan joan dira 'baso biziak' abizenarekin elkarteak sortzen, eta inbidiaz ikusi ditugu beraien proiektuak, eta pozez lorpenak. Iniziatiba oso politak ari dira sortzen elkarteen bueltan, lur-jabe, herritar, udaletxe, ikastetxe, enpresa… eta abarren artean. Helburu berdinen bueltan beti ere; bertako espezieez osaturiko baso anitz eta emankorrak sortzea, hain zuzen. Beste modu batera esanda, ingurune osasuntsu baten alde. Guk ere helburu berdinari egin nahi diogu tira, gure herrian, gure erara, gure erritmoan. Taldea sortu dugu, hazia erein dugu, eta interesa duzuen herritarrekin elkartzeko aukerak sortu nahi ditugu, guztion artean forma eman eta bidea egin dezagun", adierazi dute taldeko kideek.

2022 02 16 2021 01 16 zuhaitz landaketa zirardamendi eloibar lurgaia barren 2