Karakaten bi haize errota ipintzeko egitasmoa aurkeztu du Capital Energy enpresak

Barren.eus 2022ko ots. 16a, 12:50

Capital Energy enpresak Karakate eta Atxolin artean bi haize errota handi jartzeko egitasmoa aurkeztu zion Soraluzeko Udalari, joan den astelehenean. Asmo horren berri izan ostean, "kezka handia" agertu du Elgoibarko EH Bilduk.

Karakaten parke eolikoak ipintzeko aukera Eusko Jaurlaritzaren Lurraldearen Arloko Planean (PTS) jasota dago eta aukera hori baliatuta jakinarazi du Capital Energy enpresak Karakaten 170 metroko garaiera izango luketen bi dorre eoliko ipintzeko asmoa. Capital Energy enpresako ordezkariek Soraluzeko ordezkariei aurkeztutako egitasmoaren arabera, haizerrota bakoitzak 100 metroko altuera duen zutoina eta 80 metroko luzera duten hegalak izango ditu. Karakateko antenarekin konparatuta (70 metroko altuera du), mendi gainean ezarri asmo dituzten dorre eolikoek antenaren altura bikoitza baino handiagoa dute.

Soraluzeko Udalak plaentxia.eus toki komunikabideari jakinarazitakoaren arabera, proiektuaren tramitazioa hasiko dute, Gipuzkoako zein Euskadiko Buletin ofizialetan argitaratu eta berehala, astebete edo bi aste barru. Hori argitaratu ondoren, 20 eguneko epea zabalduko litzateke proiektua aurkezteko. Gero, Eusko Jaurlaritzak lehiaketa deitu beharko du, eolikoak ipintzeko interesa izan ditzaketen bestelako enpresei ere aukera hori zabaltzeko. Eta horren ondoren, sei hilabete izango dira exekuzio proiektua aurkezteko eta halaber, Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Inpaktua idatzi beharko luke.

2022 02 16 karakate mendilerroa erlotik lainopean

 • EH Bildu "oso kezkatuta"
Elgoibarko EH Bildutik jakitera eman dutenez, haize errotetako bat Akilar muinoan ipini nahi du Capital Energy enpresak, Karakatetik Atxolinerako bidean den lehen muinoan alegia (Akullar edo Akelarre ere esaten zaio) eta bestea Pagomunetan, Gizaburua trikuharritik hurbil. Hortik aurrerako mendilerroa babestua dago.
Koalizioak gogora ekarri du mende honen hasieran Karakate eta Irukurutzeta artean parke eoliko bat egiteko asmoa mahai gainean egon zela, eta testuinguru hartan egin zen EAEko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean atzera botatzea erabaki zutela, honela: "jasotako alegazioak eta administrazioen arteko akordioak direla-eta, kokalekua, azkenean, atzera bota da".

Natura intereseko gunea dela ere nabarmendu dute EH Bildutik. Azaldu dutenez, 2019an onartu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Gidalerroetan, "natura-interesa duen beste espazio multifuntzionaltzat" jo zuten Karakateko ingurua eta Korridore Ekologikoen Sare barruan dagoela aipatzen da.

Orduko proiektua baztertzeko zeuden arrazoiak gaur egun ere bere horretan direla uste dute. "Horrexegatik kezka handiz hartu dugu oraingo proiektua", diote.

 • Energia Azkueko zentral elektrikora bideratzeko plana
EH Bilduren ustez, hainbat puntu dira baloratu beharrekoak gai honen inguruan. Batetik, haize errotek paisaian izango duten eragina "ikaragarria" izango dela diote. Ildo beretik, errotak bere lekuan ipintzeko beharko diren azpiegiturek erabat aldatuko dute ingurua, "Soraluzetik doan errepidea aldatzeaz gain, Karakatetik Atxolinera doan oraingo bide naturala pistatzar bihurtuko baita". Ipiniko lituzketen bi haize errota horiekin sortuko litzatekeen energia Azkueko zentral elektrikora bideratzeko plana dagoela argitu du Bilduk. "Enpresak aurkeztutako eskaera edo proposamenean esaten denez, lur azpitik joango da, Elgoibartik Karakate igotzeko mendizaleek erabiltzen duten bideetako batetik. Horrek, lan eta makina handiek mendia urratzea eskatuko du. Dena den, hori ez dago erabakita eta energia airetiko kableen bidez garraiatzea plantea lezakete".
Mendilerroa, Karakatetik Irimoraino, gune arkeologiko oso garrantzitsua dela ere gogora ekarri dute, zehaztuz, oraindik ere ez dituztela aurkiti egon litezkeen aztarna guztiak. "Aurkikuntza gehiago egiteko aukera handia da oraindik ere. Badira, baita ere, adituek bakarrik ezagutzen dituzten guneak, oraindik aztertu gabe daudenak. Erroten ezarpenak behin betiko galarazi lezake eremu handi bat".
Azkenik, Karakate inguru hori eskualdeko milaka lagunentzako "arnasgune handia" bat dela diote, eta haize errotekin zeharo aldatuko litzateke hango ingurunea, "ingurune naturala izateari laga eta inguru teknologikoa bihurtzeraino".